Xaldun Kortin gurasoentzako ikastaro praktikoa antolatu dute urriaren 28an Arantzan

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 23a, 08:25

Asteazken arratsaldeko 4:30etik 6:30era eskolan izanen da

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Arantzako Euskara Batzordeak Xaldun Kortin. Jolastu gurekin! bi orduko ikastaroa antolatu dute Arantzako Herri Eskolan, urriaren 28an, asteazken arratsaldeko 4:30etik 6:30era. Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Matrikula 10 eurokoa da, eta parte-hartzaile guztiek Xaldun Kortin. Jolastu gurekin! materiala jasoko dute. 

Izen emateko 948 634125 telefonora deitu edo euskara@bortziriak.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Ikastaro hau izen bereko materialean oinarritzen da. Material horretan garai batean gaur egungo aitatxi-amatxiek beren etxeetan umeekin erabili izan zituzten kantuak, jolasak, ipuinak, hizkera... biltzen dira, eta hiru euskarritan ikus daiteke: liburuan, CDan eta DVDan.

Ikastaroa aproposa da batez ere 6 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat, baita haur horiekin lan egiten duten profesionalentzat ere (begiraleak, irakasleak...). Ikastaroa Dindaia Fundazioak ematen du.

Ikastarora haurrak eramaten ahal dira. Zati batean haurrak begiraleak zainduta egonen dira, gurasoak ikastaroan diren bitartean, eta bukaeran haur eta gurasoak elkartuko dira, ikasitako jolas eta kantuak praktikatzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun