Otsailean, lehenengo lasterketan parte hartu zenetik (José Gonzalez Cano Memoriala Irunen), azken larunbat honetararte, Manttalek 69 Mendi Lasterketa eta 31 errepideko Lasterketetan parte hartu du.
Lasterketa zerrenda honetan, distantzia eta ibilbide orotako parte hartzeak aurki daitezke. 4 kilometrotako errepideko lasterketetatik, 90 kilometroetako ultratrail, maratoi, edo erdi maratoietaraino. Gehienak, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldean izan dira baina Malaga, Cadiz, Italia, Huesca eta Chamonixen ere ibili dira.
Manttalek parte hartutako frogen artean EH Mendi Erronka, Zegama-Aizkorri, Azkoitia-Azpeitia, Lezo-Jaizkibel, Galar Trail, Senpere Trail, Sarako Trail, Larraul-Ernio-Laraul, Hiru Mendi Lasterketa, Donostia-Hondarribia Talaia Bidea, Neska Korrika, Baigura Lasterketa, Artzainen Lasterketa, Erlaitz Aiako Harria Mendi Lasterketa, Hiru Mendi Trail, Goizueta Trail, Camille Extrem, Ultrasky Marathon de Madeira, Triku Trail, Goierriko Bi Handiak, Alkaiaga Trail, Berako Gau Lasterketa, Cross de Agerra, Dolomitas Sky Race, Azkaine-Larun-Azkaine, Nafarroa Oinez Lasterketa, Sara Korrika, Txingudi Korrrika, Gorbeia Suzien, Roncesvalles-Zubiri, edo 3 hondartzen Krossa daude, bertze aunitzen artean
Beharrezkoa da oroitaraztea, 10x100 erronkan kontuan hartzerako orduan, froga batean, Manttaleko parte hartzaile batek baino gehiagok parte hartu duenenan, froga bakar bat bezala kontatu dela.
Txus Unsion da froga gehienetan parte hartu duena (31), Gwendal Larqué-k jarraitzen dio (16rekin) eta Andoni Lasagak (12rekin). Momentuz, erronkan 56 korrikalarik parte hartu dute eta taldeko parte hartze haundiena izan duen froga Berako Gau Krosa izan da 27 taldekirekin, ondoren Berako Mendi Maratoi Erdia 17rekin eta Alkaiaga Trail-a ere 17rekin.
Garaipenak ere
Hainbat garaipen ere lortu dira 100 lasterketa hauetan, hala nola aurten Manttalerekin aritu den Didier Zagok, Azkaine-Larun-Azkaine eta Berako Gau Krosa irabazi ditu. Joseba Larraldek Bidarraiko Mendiko Erdi Maratoia, Olazti-Urbasa eta Etxarri Aranatzeko Mendira Joan Etorria lasterketak. Gainera Unai Santamaria, senior kategorian Euskal Kopako txapelduna izan da.
Zerrenda hau, oraindik gehiago luzatuko da hurrengo bi hilabete terdian, izan ere hurrengo larunbatean Beran, Lizuniagako igoera eginen da; azaroaren 1ean, Ardanatzen Izaga Trail-a (bertan Nafarroako taldekako txapelketa bilatuko du Manttalek) eta beranduago etorriko dira Behobia-San Sebastiana, Donostiako Maratoia e.a.
Manttale taldetik eskerrak eman nahi dizkiete «erronkan parte hartu duten korrikalari guztiei, animatu gaituzten guztiei, jarraitu diguten guztiei eta hamar urte betetzea posible eginarazi duten guztiei».