Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra Nafarroako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 21a, 07:55

Otsailean Munduko txapelketan parte hartzea helburu izanen duen denboraldi luzeari ekinen dio igandean Beti Gazte sokatira taldeak.

600 kiloko txapelketa jokatuko dute gizonezkoek eta 420 kiloko txapelketa mistoa ere jokatuko da urriaren 25etik aitzinera

Igande honetan, urriaren 25ean abiatuko da Nafarroako 8x8 sokatira txapelketa. Gizonezkoek 600 kiloko kategorian jokatuko dute bakarrik eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Sei seiren kontrako txapelketa mistoa ere jokatuko da, 420 kiloko kategorian eta hemen ez da eskualdeko tiralaririk izanen.

 

Lehen jardunaldia urriaren 25ean, igande arratsaldeko 5:30ean hasiko da Tafallako pilotalekuan. Gizonezkoetan, 600 kiloko kategorian, Lesakako Beti Gazterekin batera, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. 6x6 txapelketa mistoan, berriz, 420 kiloko kategorian, Berriozar, Txantrea eta Kaskallueta ariko dira.

Bigarren jardunaldia urriaren 31n, 18:00etatik aitzinera jokatuko dute Berriozarko pilotaleku berrian eta hirugarren eta hondar jardunaldia azaroaren 15ean, igande eguerdiko 12:30ean jokatuko dute Aldatzeko pilotalekuan.

 

Azaroaren 7an Miarritzen

Nafarroako txapelketako azkenaurreko eta azken saioen artean, azaroaren 7an Miarritzen eginen den Nazioarteko sokatira txapelketa batean ere parte hartuko du Beti Gazteko sokatira taldeak. Ñapurrak taldeak antolatutako topaketan, hamar talde ariko dira, tartean azkeneko Munduko txapelketan 560 kilotan txapeldun izan zen Ipar Irlandako County Club, Ingalaterrako Kilroe historikoa, Herbehereak edo Afrikako taldeak ere izanen dira, Euskal Herrikoekin batera. Taldeko gazteenek esperientzia hartzeko ere baliagarria izanen da, Nafarroako eta Euskal Herriko lauko eta zortziko txapelketen ondotik, heldu den otsailaren 18tik 21era Herbereetako Volendam hirian jokatuko den Munduko txapelketan aritzekoak baitira.

Nafarroan 600 kiloko kategorian zortzinaka aritu ondotik, Euskal Herriko launakako txapelketan 300 kiloko kategorian ariko dira Beti Gaztekoak eta zortzinakako txapelketan kategoria guztietan, 680, 640, 600 eta 560 kilotan. Lesakako taldeak  garai bateko historikoak eta gazteak biltzen ditu, Amaiurko taldetik etorritako Juanma Irigoien eta Lander Landiribar eta Ezpeletako Estefan Mitxelenarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun