Harriondoa Kultur Etxean, ikasle eta ikasle ohien argazkia aterako dute larunbat goizeko 11:30ean eta ondotik hamaiketakoa eta ekitaldia eginen dute, dantza, musika, bertsoak eta bertze uztartuz. 14:30ean bazkaria izanen dute Linddurrenborda sagardotegian. Helduen menua 20 euro gostako da eta haurrena 10 euro. Txartelak okindegian, Berako Errekalden eta Arantzako Pabloenean jarri dituzte salgai. Bazkariaren ondotik, dantzaldia izanen da Arantzako Beñat Mitxelena soinulariarekin.
Bezperan, urriaren 23an, ortziral arratsaldeko 7etan Umorea txapelketan hitzaldia eskainiko du Unai Iturriagak Harriondoan.
25 urte
Mende laurden honetan, Nafarroako txapeldun suertatu diren hainbat bertsolari ez ezik, gai-jartzaileak, bertso epaileak eta, orokorrean, bertsozaleak atera dira eskolatik. Gaur egungo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentea den Alaitz Rekondo ere bertso eskolako ikasle izan zen bere garaian. 1990ean ikasle eta gaur egun irakasle den Estitxu Arozenak aipatu digunez, «orduan Nafarroan apenas zegoen bertsolari gazterik eta bertsolari gazteen beharra izugarria zen. Bertzalde, Tantirumairu ikastolan bertsolaritza lantzen genuen taldetxo bat jarraitzeko interesaturik geunden, institutura iristean bertsolaritza alde batera uzten baitzen. Bittor Elizagoien eta Manolo Arozenak, gaiari adarretatik heldu eta deialditxo bat egin zuten. Hasierako helburu nagusia bertsolariak sortzea izan zen». Gaztetxoei zuzendutako Nafarroako lehen bertso eskola izan omen zen. «Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean helduen taldetxo bat elkartzen zen orduan –dio Arozenak–, baina gaztetxoei zuzendutako lehen bertso eskola izan zen. Lehen ikasturtean Ekaitza elkartean elkartzen ginen, Arantzako talde handi bat animatu baitzen, Lesakako 6-7 ikaslerekin batera. Lehen ikasturtea aitzinera joan ahala, aranztarrak guttiago ziren eta Lesakako guztiek jarraitzen genuen. 1991-1992 ikasturtean Lesakako Arrano elkartean elkartzen hasi ginen».
Gaur egun zazpi talde elkartzen dira bortz herrietan: Beran helduak eta Labiaga ikastolakoa; Etxalar eta Igantzin haurren taldeak badira eta Lesakan, helduena, gaztetxoena eta haurrena. 50 ikasle inguru denetara. Horretaz gain Lesakan, helduen talde bat euren kabuz elkartzen da.