Bilera iragartzeko oharrean aipatzen denez, «bizi dugun krisi egoera honek ezinbertzean garapenaren gaineko hausnarketa egitera eraman behar gaitu. Egoera sozioekonomiko injustu honi buelta eman behar diogu tokiko garapen eredu berriak bultzatuz. Garapen eredu berri honek langile eta herri klaseen ongizatea lortzea izan behar du helburu».
Garapen batzordearen ildo nagusia tokiko garapena edota bertako produktu eta zerbitzuen sustatzea izanen da, gertuko ekonomia indartuz. «Bertan bizi, bertan lan egin eta bertan kontsumitu leloarekin laburbildu daiteke gure ustez garapen batzordeak bultzatu behar duen jarduna», dio oharrak.
Garapen jasangarriaren bidean pausuak eman nahi lituzke Berako Udaleko Garapen Batzordeak, inguruko baliabideak errespetuz erabiliko dituzten proiektuak bultzatuz.
Zentzu honetan dei egiten diete «nekazari, merkatari, langile edo bertzerik gabe garapen jasangarrian interesa duzuen herritarrei zuen iritzia azaldu eta denon artean garapen batzordea antolatzeko, gure herriak eskeintzen dituen aukerak baliatzeko».