Organo kontzertua eskainiko dute urriaren 17an Beran

Ttipi-Ttapa 2015eko urriaren 14a

José Luis Echechipiak lehen ere eskaini ditu organo kontzertuak Berako elizan.

San Esteban elizan, larunbat arratseko 8etan hasita, ‘Réquiem de Duruflé’ joko du Jose Luis Echechipiak, zenbait musikari eta abeslarien laguntzaz

Irailaren 4tik urriaren 30era XXXI. Nafarroako Organo musikaren zikloa antolatu du Nafarroako Gobernuak hainbat herritan: Iruñea, Larraga, Leire monasterioa, Tafalla, Corella, Cascante… Beran ere kontzertua eskainiko dute urriaren 17an, larunbat arratseko 8etan San Esteban elizan.

 

Zehazki, Réquiem de Duruflé joko du Jose Luis Echechipia Paris organojoleak, baina ez da bakarlari ariko. Amaia Larrayoz sopranoa, Irati Goñi biolontxelo jolea eta Barañaingo Abesbatza lagun izanen ditu, Perro Ruiz Huiciren zuzendaritzapean.

Denen artean, begirada bat emanen diote gregoriar kantuari, XX. mendeko musikatik abiatuta. Maurice Duruflé dotorezia handiko musikagilea eta organo-jotzaile birtuosoa da, Solemesko abadetxearekin harreman estua izan zuten frantziar musikagileen eskolakoa, hain zuzen ere, XX. mendean gregoriar kantua lehengoratzeko zentroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun