Urriaren 12an, lan-saioa hautetsiekin egin gogo dute.Bortzirietako hautetsi guztiak elkartu nahi dituen saioa, UEMA eta Euskara Mankomunitatea elkarlanean antolatzen ari dira. Ekitaldi itxia izanen da hau, bortz herrietako udal hautetsiei zuzendua.
Urriaren 12tik 16rako aste osoan zehar erakusketa egonen da ikusgai Berako kultur etxean, UEMAren eta Nafarroako euskara zerbitzuen gaineko informazioa duten panelekin. Gehienak UEMAk prestatutakoak dira, eta arnasguneen ideia jorratzen dute. Arratsaldeko 6etatik 8etara egonen da irekita jendearentzat. Gainera, Toki Ona institutuko ikasleek ere irteerak eginen dituzte erakusketara goizez, UEMAko langile bik gidatuta.
Urriaren 16an mahai-inguru irekia eginen da, leku berean, Bortzirietako herri bakoitzeko ordezkari batekin: Arantzatik Mentxu Peña, Beratik Eneritz Rekarte, Igantzitik Patri Arburua, Etxalartik Axun Maia eta Lesakatik Eduardo Conde. Orain arte egindakoaz eta hemendik aurrera egin daitekeenaz solastuko dira, Oskar Goñi moderatzaileak gidatuta. 18:30ean hasiko da mahai-ingurua, eta ondoren otamena eskainiko zaie bertaratzen direnei.