RAC Focus Kopa irabazi du Iñaki Ubiria auto gidari lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 30a, 10:15

Iñaki Ubiria gidari lesakarrak eta Gorka Biain azpeitiarrak, RAC Focus Kopa irabazi dute.

Urriaren 17an Larraintzarren eginen den azken rallyaren probaren faltan, txapeldun izateko puntuak pilatu ditu

Iñaki Ubiria Etxarte auto gidari lesakarrak, Gorka Biain azpeitiarra kopiloto duela lur gaineko RAC Focus Vasconavarro kopa irabazi du aurten, oraindik bukatzeko proba bat egiteko falta dela. Hain zuzen, urriaren 17an Larraintzarren jokatuko da Ultzamako rally hori, baina lesakarrak orain artean erakutsi duen erregulartasunari esker, txapeldun da gaurgero. 

 

Txapelketan izan den berdintasunaren seinale, burututako lau probetako bakoitzean irabazle ezberdina izan da. Kantabriako Santillana de Mar herrian uztailaren 4an jokatutako proban irabazle izan zen Iñaki Ubiria eta bertze hirutan (Naxeran maiatzaren 2an,Tierra Baños de Rioja-Villalobarren abuztuaren 22an, eta irailaren 20an Arnedon) bigarren. Hortaz, Larraintzarren egiten duena egiten duela txapeldun da lesakarra.

 

Agiñako VI. Igoera urriaren 31n

Lesakako motorzaleek zorionerako bertze arrazoi bat badute. Izan ere, 2007az geroztik ez zen rallyrik ikusi herrian, baina urriaren 31n eginen da Agiñako igoeraren seigarren edizioa, Nafarroako Mendi Txapelketa eta Nafarroako junior txapelketa jokoan izanen dituena.

Urriko azken larunbat goizeko 8:30etik 11etara eginen dituzte egiaztapenak. 14:00etan entrenamenduak hasiko dira eta ondoren lasterketako bi mangak. Sari banaketa 20:00etan eginen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun