Goiz osoan eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan ziren eta paleta egite erakustaldi partehartzailea ere egin zen, baita puzgarriak haurrentzat eta taloak denentzat. Sarako Ondareak prestatutako “Usoak Sarean” erakusketa ere ikusgai izan zen. Aspaldian jokatzen zen “Botaluze” pilota partida ikusteko aukera izan zen. Makila edo karote botatzeko txapelketa jokatu zen, Sara eta Etxalarko taldeen artean. Sarako taldean Daniel Calvet, Yoan Uhart eta Mattin Oronoz aritu ziren eta Etxalarkoan Joseba Danboriena, Jabier Galarregi eta Iñaki Zubieta. Taldeka Sara nagusitu zen eta bakarka Daniel Calvet izan zen makila urrutien bota zuena, Jabier Galarregiren aitzinetik.
Eguerdian 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko hitzarmenaren sinadura berretsi zuten Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde, Etxalar eta Sarako alkateek, Isabel Elizalde kontseilaria lekuko zutela. Kañamares aita-semeak aizkorarekin, arpanarekin eta motozerrarekin erakustaldia eskaini zuten, 300 bat lagun bildu zituen aretxe-jatea izan zen Lizaietako zelaian, Sarako “Saranga” gaitariekin eta kantu tradizionalekin animatua.