Fernando Etxegarai eta Maika Ariztegi berriz ere Euskal Herriko txapeldun koxkor biltzen

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 28a, 10:37

Maika Ariztegi, Fernando Etxegarai, Itxaso Onsalo eta Mikel Eugi txapeldunak Igantzin.

Igantzin igandean jokatutako jaialdian, Nafarroako arpana txapelketa mistoa irabazi zuten Aresoko Itxaso Onsalok eta Beunzako Mikel Eugik

Beterania garrantzitsua dela erakutsiz Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa irabazi zuten igandean Igantzin Berako Fernando Etxegaraik eta Iturengo Maika Ariztegik. Berakoak 80 zentesima bertzerik ez zizkion ateri Berriozarko Eder Goldarazenari. Nafarroako arpana txapelketa mistoan, berriz, Aresoko Itxaso Onsalo eta Beunzako Mikel Eugi suertatu ziren txapeldun. Herri kirol jaialdi haundia Igantziko kirolari gazteek osatu zuten proba konbinatuarekin eta giza-proba eta sokatira nahasten zituen saioarekin. Ikusi argazkiak

 

Gizonezkoen koxkor biltze txapelketan lana gogotik egin behar izan zuen Fernando Etxegarai beratarrak. 6 minutu eta 23 segundo behar izan zituen lanak burutzeko eta bere txandan nagusitasunez irabazi zuen. Baina bigarren txandan lehiatzekoak ziren aurten Nafarroako txapela kendu dion Berriozarko Eder Goldarazena eta Gipuzkoako txapeldun den Baliarraingo Eneko Garmendia. Bi hauek lehia estua izan zuten eta azkenean nafarra nagusitu zen, baina Etxegaraik baino 80 zentesima gehiago behar izan zituen. Gisa honetara, Berako kirolariak bederatzigarren aldiz irabazi du Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa eta Goldarazenak eta Garmendiak lagundu zioten podiumean.

Emakumezkoen koxkor biltze txapelketan, berriz, Maika Ariztegi iturendarrak Arabako bi kirolari izan zituen arerio eta berdintasun handia izan zen proba osoan. Zati handi batean, Ariztegiren aitzinetik ibili zen Zuriñe Frutos, baina azken aurreko koxkorra saskiratzerakoan hutsegin eta azken orduan aurrea hartu zion iturendarrak, 7 segundorengatik. Nerea Irciok osatu zuen podiuma. Maika Ariztegik hamalau aldiz irabazi du gaurgero Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa.

 

Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Hirugarren aldiz Nafarroako arpana txapelketa mistoa jokatu zen Igantzin. Aurtengoan, 45 ontzako enborrari hamar ebaketa egiten bizkorrenak Aresoko Itxaso Onsalo eta Beunzako Mikel Eugi izan ziren. Bigarren postuan Iraizozko Josetxo Barberena eta Elsoko Ana Iraizoz sailkatu ziren eta hirugarrenean, Berako Nerea Sorondo eta Arostegiko Julen Kañamares. Abiadurako proban (ebaketa bat nork lehenago egin), bi lehenbiziko postuak alderantziz izan ziren, zentesima eskas batzuengatik: Barberena eta Iraizoz garaile, eta Onsalo eta Eugi bigarren.

Igantziko herri kirol saio ikusgarria, ohikoa denez, herriko gazteek eskainitako proba konbinatu bereziarekin bukatu zen.

 

SAILKAPENAK

Euskal Herriko Emakumezkoen Lokotx Biltze Txapelketa

Lana:   1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx bildu

EMAITZAK:

Txapelduna: Maika Ariztegi (Ituren, Nafarroa) 7:34

Bigarrena: Zuriñe Frutos (Artziniaga, Araba) 7:41

Hirugarrena: Nerea Ircio (Gasteiz, Araba) 7:51

 

Euskal Herriko Gizonezkoen Lokotx Biltze Txapelketa

Lana:   1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx bildu

EMAITZAK:

Txapelduna: Fernando Etxegarai (Bera, Nafarroa) 6:23

Bigarrena: Eder Goldarazena (Berriozar, Nafarroa) 6:24

Hirugarrena: Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa) 6:40

Laugarrena: Aritz Martin (Arratzu, Bizkaia) 6:59

Bosgarrena: Aritz Ruiz (Artziniaga, Araba) 7:02

Seigarrena: Xabat Erleaga (Arratzu, Bizkaia) 7:10

Zazpigarrena: Jon Goikoetxea (Gaztelu, Gipuzkoa) 7:13

Zortzigarrena: Gari Uriarte (Agurain, Araba) 7:24

 

Nafarroako Arpana Txapelketa Mistoa

Lana:   Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 ebaketa

EMAITZAK:

Txapeldunak: Mikel Eugi (Beunza) eta Itxaso Onsalo (Areso) 4:33

Bigarrenak: Josetxo Barberena (Iraizoz) eta Ana Iraizoz (Elso) 4:47

Hirugarrenak: Julen Kañamares (Arostegi) eta Nerea Sorondo (Bera) 5:17

Laugarrenak: Oier Kañamares (Arostegi) eta Ainhoa Iraizoz (Elso) 5:39

Bosgarrenak: Imanol Kañamares (Arostegi) eta Jone Hualde (Txantrea) 5:53

Seigarrenak: Adrian Berruezo (Ibero) eta Itziar Nuñez (Lezaun) 6:00

Zazpigarrenak: Alberto Oteiza (Larrageta) eta Ana Lopez (Lezaun) 6:38

Zortzigarrenak: Mikel Zubiria (Ibero) eta Marian Otxoa (Abarzuza) 7:57

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun