Euskal Herriko koxkor biltze eta Nafarroako arpana misto txapelak jokoan Igantzin

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 25a

Nafarroako arpana txapelketa mistoa, aitzineko bi edizioetan bezala, Igantzin eginen da.

Igande arratsaldeko 6etan hasita, gizonak nahiz emakumeak ariko dira koxkor biltze txapelaren bila eta bikote mistoak arpanakoan 

Igande honetan, irailak 27, Igantziko besten barrenean herri kirol jaialdi haundia antolatu dute arratsaldeko 6etatik aitzinera. Haundia, hiru txapel ofizial jokoan izanen direlako. Alde batetik Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa, gizaseme nahiz emakumeena eta bertzetik, Nafarroako arpana txapelketa mistoa. Ondotik, Igantziko gazteek beraien saio berezia eskainiko dute.

 

Emakumezkoen koxkor biltze txapelketan, Maika Ariztegi iturendarra izanen da eskualdeko ordezkaria. Berekin batera, Arabako bertze bi kirolari lehiatuko dira, Zuriñe Frutos eta Nerea Ircio.

Gizonezkoen koxkor biltze txapelketan, berriz, Berako Fernando Etxegarai izanen da eskualdeko ordezkari. Aurten, ustekabean, azpitxapeldun izan zen Nafarroako txapelketan eta Berriozarko Eder Goldarazena txapelduna ere Igantzin izanen da. Arabako Aritz Ruiz eta Gari Uriarte; Bizkaiako Aritz Martin eta Xabat Erleaga eta Gipuzkoako Eneko Garmendia eta Jon Goikoetxea ere lehian ariko dira, bi lerrota 1,25 metrotara jarritako 50 koxkorrak nork lehenago bilduko.

 

Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Nafarroako arpana txapelketa mistoa hirugarren aldiz eginen da eta aitzineko biak ere Igantzin burutu zituzten. Aurten, eskualdeko ordezkaritza murritzagoa izanen da. Iaz, Arraiozko Xabier Urrutia eta Berako Nerea Sorondo izan ziren txapeldun. Aurten, Urrutia ez da ariko eta Nerea Sorondok Arostegiko Julen Kañamares ariko da. Aresoko Itxaso Onsalorekin, berriz, Beunzako Mikel Eugik eginen du bikote. Horiekin batera, bertze sei bikote izanen dira Igantzin: Imanol Kañamares (Arostegi) eta Jone Hualde (Txantrea); Alberto Oteiza (Larrageta) eta Ana Lopez (Lezaun); Adrian Berruezo (Ibero) eta Itziar Nuñez (Lezaun); Oier Kañamares (Arostegi) eta Ainhoa Iraizoz (Elso); Josetxo Barberena (Iraizoz) eta Ana Iraizoz (Elso) eta Mikel Zubiria (Ibero) eta Marian Otxoa (Abarzuza).

Etzanda jarritako 40 ontzako enborrean 10 ebaketa egin beharko dituzte.

Txapelketa hauetaz gain, herritarren arteko herri kirol proba ezberdinak ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun