Euskaltegiko matrikulazioa bultzatzeko Mintzodromoa egin da lehen aldiz Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 23a, 10:40

Giro ederrean euskaraz solasean aritu ziren Beralandetan.

Hogei lagun elkartu ziren euskaraz solastu, bakarrizketa aditu eta pintxopoteoan parte hartzera

Bortzirietako Euskaltegiko matrikulazio kanpainari bultzada emateko asmoz, Mintzodromoa egin zuten irailaren 18an Berako Beralandeta aretoan. Gisa honetako ekitaldia lehen aldiz egin da Bortzirietan.

 

20 bat lagun elkartu ziren. Helburua zen batez ere euskara ikasten ari direnak edo egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko aukera nahikorik ez dutenak agertzea, baina euskaldun osoak ziren bertaratutako gehienak, laguntzeko borondatez azaldu zirenak. Oso eskertuta daude Euskara Mankomunitatetik eta Bortzirietako euskaltegitik, «baina ea hurrengorako proportzio hori aldatzea lortzen dugun. Bortzirietan antolatzen den lehenengo Mintzodromoa zen, eta jendeari nahiko ezezagun zaio oraindik ekitaldi mota hau».

Mintzodromoak, bukatu eta gero, bakarrizketari eman zion bide: arrakastatsua izan zen, orduerdiko saio umoretsuan jendea gustura egon baitzen. Monologoaren ondoren, Beralandeta utzi eta parte-hartzaileei pintxopoterako bale bana eman zitzaien, eta Berako ostatuetan ibili ziren trago bat edan eta mokadu bat jaten.

Mankomunitateak eta Euskaltegiak espero dute matrikulazio-kanpainari bultzada txiki bat emateko balio izatea ekitaldi honek. «Hobetzeko marjina badugu oraindik, eta ez dugu zalantzarik datozen urteetan are eraginkorragoa izanen dela Bortzirietako Mintzodromoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun