Irisarri abizena zein honen aldaerak dituzten lagunak gonbidatu dituzte bertara. Elkarren artean ezagutu eta informazioa elkartrukatzeaz gain, beren jatorria, familia handiaren historia eta zuhaitz genealogikoa ezagutzeko aukera emango dien esperientzia historikoa biziko dute. Parkea ezagutzeko bisita gidatu bat ere egingo dute, elkarrekin bazkalduko dute ondoren, eta arratsaldean 370 metro luze den tirolina probatuko dute ausartenek.
Joxe Elgorriaga abentura parkeko gerenteak azaldu duenez, «Irisarri abizenaren ondare historikoak omenaldi eder bat merezi du. Topaketa honen helburua familiaren jatorriari buruzko informazio historikoa partekatzea, Irisarriko lursail historikoa ezagutzea eta familiako kideekin egun atsegin bat igarotzea da, iragana mahai gainean jarriz».
Izan ere, Juanes de Yrisarri da Irisarri sendiko frogatutako lehen kidea. Haren ondorengoetako batzuk Amerikara joan ziren, eta ondorengo haietako bat, Antonio José Irisarri y Alonso, Guatemalako koloniako erregeordea izan zen XVII. mendean. Egun, Irisarri (Yrisarri-ren aldaera ohikoena) abizena duten lagunak munduko hainbat herrialdetan bizi dira. Estatu espainiarrean bakarrik 2.375 pertsonek dute lehen (1.292) ala bigarren (1.083) abizen gisa. Gehienak, 1.441 lagun, Nafarroan bizi dira, eta erkidegoko 73. abizen ohikoena da.