Mikel Garaiar eta Lucki nagusitu dira Igantziko Artzain Zakur lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 21a, 08:27

Mikel Garaiar irabazlea, Lurdes Ibarluzea jarduneko alkatearen eskutik saria jasotzen.

Gazta lehiaketan bederatzi aurkeztu ziren eta Goiz Argiko Amaia Sein suertatu zen garaile

XXXV. Artzain-zakur lehiaketa egin zen irailaren 20an Igantziko Elustan. Sei artzain aurkeztu ziren beraien zakurrekin eta  Zumaian bizi den Mikel Garaiar oiartzuarra izan zen txapeldun Lucky zakurrarekin, 254 puntu eskuratuta.

Bigarren Joxe Mari Istilart arizkundarra Lagunekin (137 puntu), hirugarren Mikel Aizpurua oiartzuarra, Xuker zakurrarekin (123 puntu), laugarren Aitor Tato ataundarra Aitz zakurrarekin,  (119 puntu), bosgarren Jorge Oteiza oronoztarra Arakilekin (100 puntu) eta seigarren Felix Irigoien amaiurtarra, Perla zakurrarekin (83 puntu).

Sari banaketan, Lourdes Ibarluzea, Angel Urtxegi eta Urtzi Loiarte, Igantziko jarduneko alkate eta zinegotziak izan dira.

 

Hamargaren Gazta lehiaketa

Artzain Zakur lehiaketaz gain, besten aitzineko asteburua ekitaldiz betea joan da Igantzin. Igande eguerdian, X. Gazta lehiaketa egin zen. Bederatzi gazta aurkeztu ziren eta horien artean, Goiz Argiko Amalia Sein suertatu zen garaile. Bigarren saria Argiñenbordako Carmen Larraldek eskuratu zuen eta hirugarrena Argarategaraiko Elena Retegik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun