Euskaltegiko matrikulazio kanpaina bultzatzeko Mintzodromoa eginen dute Beran irailaren 18an

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 16a

Ortziralean Beralandetan eginen den saioaren ondotik monologoa eta pintxopotea izanen dute

Bortzirietako Euskaltegiko matrikulazio kanpainari bultzada emateko asmoz, Mintzodromoa eginen dute ortziralean, irailaren 18an Berako Beralandeta aretoan. Ikusi bideoa

Egitarauari dagokionez, ortziralean 18:30ean izanen da Mintzodromoa. Funtzionamendua honakoa izanen da: parte-hartzaileak mahai baten inguruan eseriko dira lauko taldetan. Euskaldun oso batek, eztabaida dinamizatzen lagundu dezakeena, eta ikasten ari diren hiruk osatuko dituzte laukoteak. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak emanen dizkie solasgaiak, eta 15 minutuz hitz egin ondotik, bertze mahai batera mugituko dira, taldekideak ez errepika­tzeko formula sinple bat erabiliz. Bertaratzen direnei pikatzeko zerbait ere eskainiko zaie. Aurkezle batek gidatuko du saioa, eta gonbidatu bereziak ere izanen dira parte hartzen: Estitxu Pinatxo abeslari beratarra, Estitxu Fernandez kazetari eta idazle lesakarra eta Josu Iratzoki Berako alkatea, erraterako. Hiru eztabaida-txanda eginen dira.

Ondoren, 19:30 aldera hasiko da Monologoa: Unai Ormaetxea gazteak bakarrizketa umoretsua emanen du. 20:00etan Pintxopotea hasiko da: Berako ostatuetan barrena, parte-hartzaile guztiei pin­txopote baterako balio duen txartela emanen zaie Mintzodromoaren amaieran.

Berako zazpi ostaturekin adostu dute pintxopotearena (Errekalde, Xuga, Bidaxka, Kataku, Lixoia, Auzoa eta Ikuilu).

 

Izen-ematea

Izena emateko, Bortzirietako Euskara Mankomunitatera deitu behar da (948 634 125) edo idatzi e-mail bat: euskara@bortziriak.eus helbidera. Lesakako IKA euskaltegian eta Aran­tzan, Mankomunitatearen egoitzan bertan ere ematen ahal da izena.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun