Haur elebidunen hizkuntz arazoak aztertuko dituzte larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 11

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Udalak antolatutako udako ikastaroa Harriondoan eskainiko dute 

Haur elebidunen (euskara-gaztelania) hizkuntz arazoen antzematea, balorazioa eta haietan esku-hartzea izenburupean udako ikastaroa antolatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Lesakako Udalak. Irailaren 12an, larunbatean emanen da Harriondoan eta bertze gaien artean, haur elebidunen hizkuntzaren garapena eta arazoen antzematea, entzumen arazoak dituzten haurrei aplikatzen zaien terapia eta berriki haur euskaldunentzako egokitu den Macarthur testa landuko dituzte.

 

Azken hau aipagarria da, orain artean ikastetxeetan euskaraz aritzen diren ea gaztelania menperatzen ez duten haurrei ere gaztelaniaz egiten baizitzaien test hau eta hortaz, ez zuten fidagarritasun handirik. Orain, euskaraz egiteko aukera dagoenez, fidagarritasun handiagoa izanen du, batez ere gure inguruko haurrei egiten zaienean.

Ikastaroa, Haur Hezkuntzako neska-mutikoekin aritzen diren profesionalei eta hizkuntza arazoak dituzten haurren familiei zuzendua dago.

 

Egitaraua

08:45etik 09:00etara ikastaroaren aurkezoena eginen dute Belen Compains pediatrak eta Patri Arburua euskara teknikariak.

09:00etatik 09:45era Haur elebidunaren hizkuntzaren garapen tipikoaz ariko da Andoni Barreña, Salamancako Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea.

09:45etik 10:30era hezkuntz elebiduneko hizkuntz garapenean arazoak antzemateko eta erabakiak hartzeko prozedurari buruz ariko da Iñaki Garcia Fernandez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.

10:30etik 11:00etara euskaraz eta gaztelaniaz balidatu den Macarthur Test-a aurkeztuko dute Andoni Barreñak eta Iñaki Garciak.

Atsedenaldiaren ondotik, 11:30etik 12:45era eskola inguruko hizkuntz arazoetan interbentzioaz ariko da Natalia Jordán logopeda.

12:45etik 13:30era Entzun-Ahozko Terapiaz (TAV) ariko da Naira Delgado logopeda.

Bazkal ondoan, bi lantegi eginen dituzte aldi berean, bat profesionalei zuzendua eta bertzea familiei. Profesionalak MacArthur inbentarioaren interpretazioan eta manejuan ariko dira eta familiak, inguru naturalen interbentzioan eta entzumen arazoak dituzten haurren interbentzioan ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun