Buruztanka eguna ospatuko dute abuztuaren 29an Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 26a, 12:20

Lesakako Udalak gaztetxea izateko aretoa utzi zuenez geroztik, auzolanen bidez beharrezkoak diren egokitze-lanetan dabiltza herritarrak.

Oraindik lan asko badago ere, Gazte Asanbldak, abuztuaren 29an, larunbatean, gaztetxea herriarengana hurbiltzeko eta jendearen iritzi, ideia nahiz parte-hartzea bultzatzeko asmoz, Buruztanka besta eguna antolatu du.

Goizeko 10:00etan, Buruztanka gaztetxean eginen den gosariarekin hasiko dute eguna. 11:00etan egunaren aurkezpena eginen dute. 11:30ean gaztetxea bisitatu eta logoa aurkeztuko da. 12:00etan talde dinamikak izanen dira. Ondotik, bazkari autogestionatua (edaria, mahaiak eta aulkiak gaztetxeak paratuko ditu) eta bingoa nahiz bertzelako jolasetan parte-hartzeko aukera izanen da. 19:00etako joko-poteo musikatua eta Arrano ostatuko 23:00etako DJ Bakilla kontzertuarekin bukatuko dute eguna.

Bien bitartean, auzolanean parte-hartzeko gonbitea luzatzen dute; ideiak eta iritzia edo etxean soberan dauden tresna nahiz objektuak gustora hartuko dituztela azpimarratuz.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun