Ezpata-dantzari Egunak garai ezberdinetako 103 dantzari bilduko ditu igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko abuztuaren 7a

1985eko irailaren 1ean egin zen Ezpatadantzari Egunean dantzari guztiak elkarrekin.

Abuztuaren 9an ospatuko da, Beti Gazte Elkartearen 75. urteurreneko egunean

Lesakako Beti Gazte Elkartearen 75. Urteurreneko ekitadi nagusia izanen da abuztuaren 9ko Ezpata-dantzarien Eguna. Hain zuzen, egun horretan beteko ditu zehazki 75 urteak Beti Gaztek eta 103 ezpata-dantzari bilduko ditu, zazpi taldetan banatuak.

 

Egun osorako egitarau zabala prestatu du Beti Gaztek, Lesakako Musika Bandaren, Lesakako Txistulari Taldearen eta Tantirumairu dantza taldearen laguntzaz.  Goizeko 10etan egun horretarako bilduko diren zazpi ezpata-dantzari taldeak karrikaz karrika ibiliko dira. Adinaren arabera, Kotte Iantzi, Kotteka Ubiria, Xabier Portu, Mikel Irigoien, Peio Etxebeste, Martxel Rodriguez eta Manex Ramos (12 eta 10 urtekoen ttikien taldea) izanen dira aitzinesku, bakoitza bere garaitsuko taldearen kapitain. Joxe Antonio Garro izanen da dantzari beteranoena, 71 urte egin baitzituen apirilean eta Beñat Etxabide gazteena, 9 urterekin (10 eginen ditu azaroaren 23an).

11:00etan Plaza Zaharretik talde guziak elizara joanen dira, musika bandaren laguntzarekin. 12:30ean Zubigainekoa dantzatuko dute 105 dantzariek Onin errekaren bazterrean eta segidan, Ziharkakoa plazan. Eguna borobiltzeko, herri bazkaria eginen dute 14:30ean frontoian. Helduen menuan, sarrera moduan ertzebete-taula eta zainzuriak, ganbaz eta zapoz beteriko piperrak eta fritoak izanen dituzte; legatza erromatar erara, limoi sorbetea cavarekin, bildots errea eta hostore-tarta, dena ardoa, sagardoa, cava, kafea eta koparekin. Haurren menuari dagokionez, makarroiak, xolomoa patatarekin eta petisuisak izanen dituzte, frexkagarriekin bustiak.

Aipatzekoa da duela 30 urte ere egin zela Ezpata-dantzari Eguna Lesakan, 1985eko irailaren 1ean, zehazki. Orduan, 5 talde atera ziren, 75 ezpata-dantzari guztira. Orduko hartan, Gaizka Sarasola izan zen dantzaririk gazteena, 9 urterekin. Gaizka aitzinesku izan zen hainbat urtez, baina igandean txistularien zuzendari izanen da. Andoni anaia eta Jon Ander Ruiz iloba bai, dantzarien artean izanen ditu. Orduan, Beti Gaztek ez ezik, Basurde eta Eguzki elkarteek ere antolatu zuten, Lesakako udalaren laguntzarekin eta egitarau beretsua izan zuten, nahiz eta Iruñeko Udal dantzari taldeak ere saio bat eskaini zuen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun