Abuztuaren 5a, asteazkena da hondar eguna. Goiz-arratsaldez puzgarriak izanen dira Eztegara pilotalekuan. Erraldoi eta buruhandien konpartsak azken ateraldia eginen du eguerdian Altzatetik Herriko Etxera eta bertan eginen zaie azken agurra.
Altzateko frontoian Labiaga ikastolak antolatutako kantu bazkaria eginen da eta 19:00etan Bera kantari abiatuko da Illekuetatik Mukixura. Aitzinetik, Ezpelur gaiteroek Zahar Etxean joko dute. Migattuak aterako dira Herriko Etxeko plazan eta dantza herrikoiak izanen dira Altzateko karrikan. Ondotik zezensuzkoa aterako da. 23:00etan dantzaldia Trikiteens taldearekin eta gauerdian Gaztexteban jautseira (Gizajoa Ni).