Konpaneko zubia XVII. mendekoa izan daitekeela uste dute, baina Nafarroako Artxibo Orokorrera egindako bisitek oraindik ez dute bere eraikitze data zehazari buruzko daturik eman. Egitura aldetik ongi zegoen, arkua bikain, baina harriaren gainetik porlanezko paretak eginak zituen eta horrek aunitz itsusten zuten.
San Miguel zubian egindako lan bikainaren ondotik, erretiratu lan talde beretsuarekin harremanean jarri ziren Illekuetako auzotarrak eta iazko ekainean hasi ziren lanean. Materiala eta harriak Udalak jarri ditu. Batez ere zubiaren petrilak eta errekaren bi aldeko paretak moldatu dituzte eta horrekin batera, iturri berezi bat ere prestatzen ari dira, 1640.urtean eraikitako Konforbaitako arraska aprobetxatuz. Arraska zutik jarri eta ura sartuko dute orain.
Illekuetako auzotarrak kontent daude lanaren emaitzarekin eta irailaren erditsuan ospatzen dituzten auzoko bestetan inauguratu nahi lituzkete zubi berritua eta iturri berria.