Gaztefolk jaialdiak nazioarteko dantzari gazteak ekarriko ditu uztailaren 27an Berara

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko uztailaren 24a

Buryatiako Selenga taldeak, Siberia aldeko herrialde horren folklorea ekarriko du Berara.

Bidasoaldeko Nazioarteko Gazte Folklore Jaialdiaren baitan, Buryatia, Eslobakia eta Behobiako dantzariak ikusgai izanen dira astelehen arratsean

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Bidasoaldeko Nazioarteko Gazte Folklore Jaialdiko saio bat eginen da uztailaren 27an, astelehen arratseko 8etatik aitzinera Berako Herriko Etxeko Plazan. Eraiki Dantza taldeak antolatu du saioa Berako udalaren babesarekin.

Buryatiako Selenga dantza taldea, Eslobakiako Zornica dantza taldea eta Behobiako Eraiki Dantza taldekoak ariko dira. Euria eginen balu, Altzateko frontoian eskainiko litzateke emanaldia.

 

TALDE PARTE-HARTZAILEAK

Selenga (Buryatia)

Selenga izen poetikoa Buryatia-ko ibairik handienetik dator eta honek Mongoliako mendietako ur biziak daramatza Baikal laku sakratuaraino. Izen hau dantzari gazte batzuek aukeratu zuten guri lur zoragarri honen istorioa kontatu ondotik.

“Selenga” taldea 1992. urtean sortu izan zen eta hau ez da Buryatian bakarrik ezaguna, baita Tyva, Mongolia eta Moskun ere. Selengak hainbat folk festibaletan parte hartu zuen AEB, Alemania, Frantzia, Italia, Belgika, Norvegia, Eslovenia, Kroazia, Espainia, Portugal, Irak, Txina eta bertze hainbat herrialdetan ere bai.

Taldearen errepertorioa koreografia herrikoietan oinarritzen da, Buryatiakoak, baita bertze siberiar herrietakoak ere: Evenki, Tyvans, Yakuts eta bertze batzuk. Errepertorio honek musika tradizionala dauka instrumentu folklorikoekin interpretatuta dagoena (Morin Khur, Iochin, Chanza, Yatag) eta bertze hainbat abesti tradicional.

Dantza tradizionalen eta instrumentu originalen multzoak ezaugarri bereziak ematen dizkio taldeari.

Taldeak 35-40 pertsona ditu, 10-12 dantzari, 6-8 musikari, 2-3 bakarlari eta taldearen buruak.

 

Zornica (Eslovakia)

Zornica gazteen folklore taldea 1967.urtean eraiki zen, Eslobakia erdialdean eta “House of Culture of the Slovak Railways”en antzezten du. Taldeko kideak herriko gazteak dira, baita bere inguruetakoak ere. Banda Dantza talde batekin, musika talde batekin eta abeslari talde batekin osatuta dago. Errepertorioa erdialdeko Eslobakiaren folklorearekin osatuta dago, Podpol´anie eskualdekoa batez ere (Pol´ana mendiaren behealdean dagoena), bitxia dena. Taldeak espresio original tradizionala, artxibo materialak aztertzea eta ohitura herrietan bizitzea nahiago du. Eslobakiako gazteen talde famatuenetariko bat da eta lehenengo sari ugari irabazi ditu Eslobakiako txapelketa guztietan. Eslobakiako jaialdi famatuenean aritzen da eta atzerrian 56 aldiz atzeztu du.

 

Eraiki Dantza Taldea (Irun; Euskal Herria)

Eraiki Dantza Taldea 1978an sortu zen Behobia auzoan, hasiera batean bertako ospakizun ttikietan parte-hartuz, haunditzen joan zen ekitaldien kopuruan eta kalitatean. Poliki-poliki Euskal Herriko zazpi probintzietako folklorea errepresentatzeko gai zen talde bilakatu zen eta 1989an egin zuen lehen nazioarteko bidaia. Orduz geroztik, atzerrian euskal folklorea irakasteko eta gazteen artean interesa pizteko asmoz, hainbat jaialditan parte hartu du, gazteena zein helduena. 1996an Bidasoaleko Nazioarteko Folklore Jaialdia sortu zuen helburu horiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun