VI. Alkaiaga Trail uztailaren 25ean jokatuko da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko uztailaren 22a

Alkaiaga Trailen, joan den urteko podiuma.

Hiruko taldeek erreleboka 9 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute eta taldekidetako bat guttienez emakumea izan behar da

Alkaiagako besten komiteak eta Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatuta, VI. Alkaiaga traila uztailaren 25ean jokatuko da, larunbat arratsaldeko 6etatik aintzinerat. Aurreko urteetan bezala, lasterketa auzoko inguruetatik igaroko da eta taldeak 3 partaideetakoak izanen dira, guttienez emakume batekin. 

 

Antolatzaileek gomendatzen dute, taldeak aldez aurretik eginak izatea eta partaideen izen-abizenak mailez bidaltzea alkaiagatrail@hotmail.com helbidera. Talderik izan ezean, antolatzaileek, egunean bertan izena ematen duten parte-hartzailentzat taldeak antolatuko dituzte, beti ere kontuan izanda 3ko talde bakoitzean, gutxienez, emakumezko bat egon behar duela.

Taldeek, erreleboka auzo ingurutik egin beharko dute ibilbidea Baldrun-Sorotik. Korrikalari batek lehenengo itzuli motza egingo du, 2.1 kilometrotakoa, bigarrenak luzexeago bat 3 kilometrotakoa eta azkenak 3 kilometro baino gehiagoko bat. Irteera eta helmuga Alkaiagako zonalde altuan izanen dira eta errelebista bakoitzak artaburu bat eramanen du, lekuko gisa.

Helduentzako lasterketa baino lehen, haurrentzako lasterketak ospatuko dira 17:30ean.

Errelebokako lasterketaren izen emateak 5 euro balioko ditu eta egunean bertan ordaindu daiteke edota lehenagotik Berako Pikabea harategian. Lehenengo 3 taldeentzako gaitera sariak egonen dira. Izen-ematean ordaintzen diren 5 euroak eskubidea ematen dute gero ospatuko den afarira joateko eta bertara, ikusle, bizilagun eta nahi duena etor daiteke. Hauentzat guztientzat ere 5 eurotan izanen da afariko sarrera.

 

Berako Gau Krosserako izen-ematea zabalik segitzen du

Hurrengo Abuztuaren 1ean ospatuko den Berako Gau Krosserako izen-emateak irekita jarraitzen dute www.manttale.com webgunean. 5 euro balio ditu federatua izanez gero, 8 ez-federatuentzako eta 10 egunean bertan eginez gero. 200 partaide da gehienezko parte-hartzea. Berako lehenengo bi koadrilentzako sariak egongo dira baita kopuru gehien biltzen dituen koadrilarentzat ere.

Bien bitartean, Manttaleko korrikalariak 10x100 proiektuarekin (taldearen 10. urte hurrena ospatzeko 100 lasterketetan parte-hartzearen erronka urte osoan zehar) jarraitzen dute eta 68 frogetan parte hartu dute iada. Asteburu honetan, Joseba Larralde irabazle izan zen Bidarraiko Mendi Erdi Maratoian eta Gwendal Larqué seigarren izan zen Uztaritzeko Latsagien Itzulian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun