Erriberako Futbol Eskolaren Kanpusaren lehen txanda Lesakan da

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 16a, 07:22

Kanpusaren lehen txandan parte hartzen ari diren 11-12 urteko mutikoak, monitoreekin.

Aste honetako txandan 11-12 urteko 60 mutiko ari dira

Erriberako Futbol Eskolak hogeita hirugarren urtez antolatu duen kanpusaren lehenbiziko txanda egiten ari dira aste honetan, hamalaugarren urtez segidan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, hameka eta hamabi urte arteko 60 mutiko ari dira uztailaren 13tik 19rako aste honetan. Horietatik gehienak nafarrak badira ere, dozena bat Errioxatik dator eta bertze bana Gasteiztik eta Ordiziatik.

 

Lehenbiziko txanda honetan Jose Mari Pastor zuzendari teknikoa, Pablo Martinez, Juan Mari Campo, Mikel Corera, baita Xabi Etxenike lesakarra ere, aisialdirako monitore titulua lortzeko praktikak eginez.

Chus Rodriguezek eskerrak eman dizkie aurten ere bai Lesakako udalari, bai Beti Gazte elkarteari, ematen dituzten erraztasunengatik. Berez Erriberako Eskolak gauzatutakoa izanik, Cabanillas, Lodosa, Gares eta Beiren eginkatu dute, baina Lesakan laketu dutela onartu du Rodriguezek. Ohikoa denez, futbolean trebatzeaz gain, aisialdirako ekintzak ere egiten dituzte, hondartzara edo mendira joanez, etab… Carlos Martinez eta Zurutuza Errealeko jokalarien bisita ere espero dute, igande eguerdian Harriondoan eginen den itxiera ekitaldiaren aitzinetik.

Aurtengo berrikuntzen artean, atezainendako monitore berezia dator astean bitan Tuteratik, KM espor taldeko Diego Arriazu.

Heldu den astean, 9-10 urtekoak etorriko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun