San Fermin egun handia ospatzeko prest dira lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 7a, 10:09

Zubigainekoak jendetza bilduko du bertze urte batez Onin errekaren bi aldeetan.

Ezkil hotsek ernatu dute goizean goiz Lesaka San Fermin egunean. 08:30ean ezpata-dantzarien meza ixilak eman dio hasiera tradizio handiko besta egunari.  10:30ean udalbatza bertze agintari, ezpata-dantzari eta Musika Bandarekin batera, Herriko Etxetik elizara joanen da, Meza Nagusira.­Ondotik prozesioa eginen dute eta Onin erreka­ren bi aldeetan Zubigainekoa dantzaren unea izanen da gero, segidan, ikurrin-agurra eginaz. Agur edo dantza bera Plaza Zaharrean eginen dute gero. Arratsaldean, bezperak entzun ondotik, dantzariek hartuko dute berriz protagonismoa, iluntzean bertsoen txanda izanen da eta gauean musikarik ez da faltako.

Goizeko ekitaldi nagusien ondotik, arratsaldekoen txanda izanen da. 18:00etan Lesakako abesbatzak bezpe­rak kantatuko ditu eta ondotik Ezpata-dantzarien taldeak mutildantza, neskadantza, aurreskua eta jotak dantzatuko ditu Plaza Zaharrean. 19:30ean Arrano Elkarteak antolatzen duen ber­tso jaialdia izanen da  Plaza Zaharrean. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Xabi Terreros eta Eneko Lazkoz bertsolariak ariko dira kantuan. Ioar Tainta ariko da aurkezle lanetan eta Bortzirietako Bertso Eskola gai-jartzaile. Gauean musika ez da faltako, Plaza Zaharrean Iratzar taldeak kontzertua eskainiko du eta 22:00etan kontzertuak izanen dira txoznetan, Mantala No, Pitxi eta Aplatxe taldeekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun