Ortziral arratseko 10etan Disney Fantasy kontzertua eskainiko du Lesakako Musika Bandak frontoiaren gibeleko aparkalekuan. 1.500 lagunendako eserlekuak jarriko dituzte eta Disney pelikula batzuetako soinu-bandak eskainiko dituzte, pertsonai ezberdinetaz mozorrotuko diren abeslariekin eta familia bat irudikatuko duten lau antzezlerekin batera. Kontzertuaren aitzinetik, 18:30ean Minnie eta Mickey Mouse karrikaz karrika ibiliko dira haurrak agurtuz.
Larunbat goizeko 10etan Pagolleta Ehiza Elkarteak antolatutako Plater-Tiroketa izanen da Ilasmendin. 16:00etan, Arkupe elkarteak antolatuta, haurren pilota erakustaldia udal pilotalekuan. 23:00etan, Txamukos Mariatxiak taldearen emanaldia Onin errekaren gainean.
Aipatu behar da Herri Olinpiaden laugarren eta hondar jardunaldia ere larunbatean eginen dela. Larunbat goizeko 11etatik aitzinera, ginkana eginen dute plazan eta ondotik, herri bazkaria eta sari banaketa eginen dute.
Bidasoaldeko Erraldoien Topaketa
Uztailaren 5ean, igande goizeko 11etan Bidasoaldeko Erraldoien Topaketa antolatu du Beti Gaztek, 75. Urteurreneko ekitaldien baitan. Lesakakoekin batera, Bera, Doneztebe, Elizondo, Etxalar, Igantzi eta Sunbillakoak bilduko dira Harriondoa Kultur Etxean eta handik abiatuta kalejiran ibiliko dira.
18:30ean herri kirol erakustaldia eginen dute plazan.