Ekainaren 24an, eguerdian San Juan Xarreko meza eta dantzariak izan ziren. Ondotik, Bortzirietako udal agintariak bildu ziren Irrisarrin, tartean Lesaka eta Berako alkateak, eta azpiegitura guztiak ikusteko aukera izan zuten bixita gidatuan, bazkaldu aitzinetik. Bazkalondoren, udal bakoitzeko ordezkari batek paliorako zaldiaren izena atera zuen zaku batetik. Ekainaren 25ean, Bidasoaldeko ostalarien bilkura egin zuten, bisita gidatua eta aperifarekin. Asteburu osoan jautsiera txapelketa ere egin zen, 30 bat partehartzailerekin.
Ekainaren 27an, herri kirol probak egin zuten Dirt Parkean. Lesaka, Bera, Igantzi, Basaburua eta Baztango gaztetxoak aritu ziren, herri kirol, dantza eta bertsotan. Zikiroa dastatzeko aukera ere izan zen. Arratsaldean, Joseba B Lenoirren kontzertuaren ondotik, Palioa lasterketa egin zen. Lehenik, bortz herrietako banderen desfilea egin zen eta zaldun, zaldiek eta banderek ere palioari buelta eman zioten, agurrak egiteko itzuli batekin. Gero, lasterketan hiru itzuli eman zizkioten palioari eta Lesakako zaldia suertatu zen garaile, Bera, Arantza, Etxalar eta Igantzikoaren aitzinetik. Arrats partean Anaiarrebak taldearen kontzertua eta gauerdian Dirt Jump jaialdia eskaini zuen Martxel Arribillagak.
Ekainaren 28an, hondar egunean, auzo bazkaria izan zuten. Aitzinetik, artzai zakur lehiaketan parte hartu zuten bortz artzainek bere zakurrekin: Aresoko Antonio Alustiza, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza, Amaiurko Joxe Mari Ixtilart, Etxarri Aranazko Jesus Razkin eta Oñatiko Joxe Mari Bengoa. Arratsaldean musika eta antzerkia izan zituzten, asteburu zoragarri bati bukaera emateko.
San Juan bestak urtero egiteko asmoa azaldu dute Irrisarri Landeko arduradunek.