Abestu, olerkiak errezitatu eta ikasturte amaierako diplomak banatu zituzten ortziraleko ekitaldian eta ondoren hamaiketakoa egin zuten. Gero, Bera eta Lesakako erabiltzaileek elkarrekin atera zuten argazkia eta giro bikainean pasatu zuten eguna. Jubilotekako erabiltzaileek eskerrak eman nahi izan zizkieten boluntarioiei eta Lesakako eta Berako udalei.
Pertsona hauen elkarbizitza eta garapena lortzeko tresna da jubiloteka. Kultura, aisia eta erlazio sozialez gozatu eta ideiak proiektuak, kezkak, beldurrak eta ilusioak partekatuz, bakardadeko sentimentuak uxatzeko ingurua. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Jokin Apezetxeak dioenez, “jubiloteka, nagusiak urte askoz, ilusioz eta zoriontasunez bizitzen laguntzeko bitartekoa da. Pertsona hauen bizi kalitatea hobetu eta persona bezala maila guztietan hazten jarraitu dezaten”.
Helburu desberdinak ditu jubilotekak. Batetik, galera fisikoa, soziala eta kognitiboa aurrez ikusi eta pertsonaren autonomía sustatzea lortu nahi da. Gainera, elkartzeko lekua ere bada erlazio sozialez, aisiaz eta kulturaz gozatzekoa eta menpekotasuna duten pertsonen senitartekoei atseden bat emateko ere bitarteko egokia da.