Giro ederrean joan zen ekainaren 20ko ospakizuna. Ohi bezala, bizpahiru urteko ttikienetatik hasi eta aurten seigarren maila egin ondotik ikastola utziko duten ikasleek bitarte, beraien antzerki, musika, dantza eta ospakizunak aurkeztu zituzten ikastolako patioan. Seigarren mailakoek opariak eman zizkieten orain arte irakasle izan dituztenei eta hauek ere bere oroigarritxoa eman zieten ikasleei. Horretaz gainera, 3. eta 4. mailakoen emanaldian urtebetetzeko tarta sukaldatu zuten eta 40. urteurreneko kandela itzali zuten.
Ikastolatik herrira hedatu zen gero besta, Elutxa txarangarekin kalejiran frontoiraino joan baitziren ikasle, ikasle ohi, guraso, irakasle, laguntzaile eta gainerakoak. Denera, 400 lagun baino gehiago bildu ziren frontoian egindako bazkarian. Giro ederra izan zen bazkarian eta bazkalondoan, bertso, musika eta dantzarekin.