Irisarri auzoko San Juan bestak berreskuratuko dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 22a, 07:36

Irrisarri Land-en eskutik egitarau zabala berreskuratu dute, bortz herrietako zaldien arteko karrera eta guzti

Irrisarri Land parkearen eskutik, Irisarri auzoko San Juan bestak berreskuratuko dituzte egunotan. Astearte arratsaldean botako dute txupinazoa eta egun horretan San Juan suak piztu eta bertso-afaria eginen dute. 

Egun handia ekainaren 24an, San Juan Eguna da. San Juan Xarreko mezaren ondotik, agintarien bazkaria eta bazkalondoan dantzak izanen dira. Ekainaren 25ean, Bidasoaldeko anfitrion topaketa eginen dute, inguruan ostatu ematen dutenen elkar ezagutza bultzatu nahizik. Ortziral arratsaldeean bizikleta jautsitera izanen da eta gauez Dirt Jump jaialdia.

Larunbata eta igandea izanen dira bestetako egun handiak. Larunbatean herri kirol erakustaldia, kontzertuak, zikiro-jatea eta Yrisarriko Palio jokatuko da, bortz herrietako herri bakoitzetik zaldi eta zaldun banarekin eginen den lasterketa. Igandean, artzain zakur lehiaketa, Makil-jokoa, herri bazkaria eta dantzak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun