San Juan bezperan hainbat ekitaldi prestatu ditu Lesakako Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2015eko ekainaren 19a

Euskararen fruitu goxoak jokoan jolasteko aukera izanen dute aurten guraso, haur eta nahi duten guztiek plazan.

Biziberrituz euskara goiburupean, Mikel Rodriguez idazle eta kazetariak piztuko du sua

Bertze urteetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna antolatzen ari da Euskara Batzordea Euskara belarrietara, begietara eta ahora goiburupean, ekainaren 23an San Juan bezperarekin bat eginez. Helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izan ohi da.

 

Egitarauari dagokionez, 17:30ean karrikabueltan joanen dira plazatik komentuko sorora eta han joko-gymkana izanen dute. 19:00etan kalejiran berriz ere plazara itzuli ondoren, “Euskararen fruitu goxoak” familia eta lagun arteko jokoan aritzeko aukera izanen dute.  Haur, gazte edo eta helduen arteko bikotetan jolastuko dute eta izen-ematea bertan egin behar da. Euskararen arnasguneei buruzko erakusketa ere ikusgai izanen da plaza inguruan. 20:00etan hasiko da ekitaldia plazan. Bertso eskolako haurrek kantatuko dute lehenik, Lesakako trikitilariek “Biziberrituz euskara” kanta eskainiko dute eta egun honetarako prestatu den adierazpena irakurriko dute. Ondoren, sua piztuko dute eta aurten horren arduraduna Mikel Rodriguez herriko idazle eta kazetaria izan da. Berriki bere lehen eleberria argitara eman du Rodriguezek, bi liburutan: Aratz, begiradaren atzetik eta Aratz II, Izuaren Dorrea. Lesakako Euskara Batzordeak hiru su piztuko ditu plaza inguruan (haundia, ertaina eta ttikia) eta horietaz bakarrik arduratuko da.

Ondotik, Lesakako dantzak dantzatzeko aukera izanen da, Sanferminak prestatzen burubelarri ari diren Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta. Beraiekin batera, Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda dantzatzeko modua izanen dute animatzen direnek. 21:00etan herri afaria eginen da, norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazan bueltan. Afaria etxean prestatu eta plazan denekin batera afaltzen ahal da, bertan edariak eta bokatak eskuratzeko aukera ere izanen baita. Afariaren ondotik zozketa mundiala ere eginen omen dute aurten. 21:30etik 23:30era dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun