Herri Olinpiadak hasiko dira larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015eko ekainaren 12a

Zortzi taldek eman dute izena Beti Gazte elkarteak eta Gazte Asanbladak antolatutako jokuetan 

Beti Gazte elkartearen 75. Urteurreneko ekitaldien baitan, Herri Olimpiadak antolatu dituzte ekainaren 13tik uztailaren 4ra bitarteko larunbatetan, Lesakako Gazte Asanbladaren eta Irrisarri Landen laguntzarekin. Zortzi taldek eman dute izena: Koxme, Buruztanka Team, Drink team, Zazpi neskak, 97ko hobenak, Txangurruk, 97ko gaztik eta Tutifruti. Larunbat arratsaldeko 4etatik aitzinera taldekako triatloi ttikia eginen dute konbentu inguruan.

Lehenbiziko igeri egin beharko dute igerilekuan, lau estiloetan txandaka, gero abilezia prona, bizikletan Mastegi futbol zelaiari sei buelta eman beharko dizkiote (taldeko biren artean guttienez), berriz ere abilezia proba eta bukatzeko, lasterka 100 metro x 2 (guttienez bi taldekideren artean).

 

Hurrengo hiru larunbatetan ere

Ekainaren 20an, saskibaloia eta ping-pong izanen dute 10:30ean hasita plazan.

Ekainaren 27an, futbito eta pilota, 16:00etan hasita ikastolan.

Uztailaren 4an, azkenik, Ginkana eginen dute 11:30ean hasita plazan.

Talde bakoitzak proba guztietan parte hartu beharko du eta denetan neska eta mutilek aritu beharko dute. Proba guztien ondotik poteo animatua izanen da eta azkeneko egunean herri bazkaria eta sari banaketa .

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun