Mikel Iturriak (Euskadi Fundazioa) irabazi du Bidasoaldeko III. Saria

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 8a, 09:18

Bidasoaldeko III. Txirrindulari Sariko podiuma Igantzin.

Victor Etxeberria eta Sergio Rodriguez suertatu dira Nafarroako txapeldun berriak Igantzin

Ekainaren 6an burutu zen Igantziko Biltokik hirugarren urtez antolatutako Bidasoaldeko Txirrindularitza Saria, Euskaldun Sariketarako baliagarria eta aldi berean, Nafarroako txapeldunak erabaki zituena sub-23 eta elite mailan. 131 kilometro lasterketa burutu behar izan zuten 130 bat txirrindulariek, hiru aldiz Piedadeko gaina igoz, azkenekoa helmugan. Euskadi Fundazioko Mikel Iturria nagusitu zitzaion azken metroetan Stade Montois taldeko Antton Ibarguren-i.

 

Lasterketa abudo hautsi zen, 13. Kilometroan Lizuniagarako bidean, Meakako jautsieran izan zen erori baten ondorioz. Txirrindulari aunitz erori zen eta bakarren bat anbulantzian ere eraman behar izan zuten. 40 bat txirrindulari gelditu ziren aitzinetik eta talde horretatik atera ziren lehen sailkatuak.

Piedadeko bigarren igoeran, 84. Kilometroan jo zuen erasoa ama beratarra duen Antton Ibarguren lezotarrak eta bere gurpilera atera ziren gerora irabazle izan zen Iturria eta Carlos Jimenez (Caja Rural).  Beraien gibeletik 14 txirrindulariko taldetxoa zuten, baina ez zuten lortu harrapatzeea. Gainera, Jimenez, gibeleko talde horretan lan egiteko gelditu zen eta hortaz Iturria eta Ibarguren bakarrik gelditu ziren aitzinean. Lesakako Nabazko igoeran berriz erasoa jo zuen Ibargurenek eta metro batzuetako aldea lortu zuen arren, ez zuen bakarrik aldegiterik lortu. Azkenean bikotea elkarlanean aritu zen azken metroak arte. Hor, Iturriak erasoa jo zuen eta garaipena lortu.

Tarteko helmugen sailkapena Erick Altunak irabazi zuen (Telco’m Gimex). Nafarroako txapelketei dagokienez, sub -23 mailan Victor Etxeberria (Caja Rural-Seguros RGA) izan da txapeldun) eta elite mailan Sergio Rodriguez (Infisport). Mendiko sailkapena Mikel Iturriak berak irabazi zuen eta taldeka Lizarte izan zen onena, Euskadi eta Amporen aitzinetik. 81 korrikalarik lortu zuten lasterketa bukatzea. 23. Postuan Ion Zeberio baztandarra sartu zen (Transbidasoa) eta master lasterketetan aritzen den arren, hirugarren izan zen elite txapelketan.

 

Sailkapena

1. Mikel Iturria (Euskadi Fundazioa) 3h 09’58”

2. Antton Ibarguren (Stade Montois) 3h 10’ 05”

3. Ander Plazaola (Euskadi) 3h 10’ 35”

4. Jon Larrinaga (Blagnac) 3h 10’ 37”

5. Aitor Gonzalez (Ampo) 3h 10’ 44”

6. Mikel Elorza (Ampo) 3h 10’ 48”

7. Julen Mitxelena (Blagnac) 3h 10’ 48”

8. Víctor Etxeberria (Caja Rural) 3h 11’ 00”

9. Héctor Carretero (Lizarte) 3h 11’ 07”

10. Sergio Rodriguez (Infisport) 3h 11’ 15”

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun