Giro bikaina izan da Lesakako Beti Gazte Elkartearen Egunean

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 8a, 07:40

Beti Gazteko lehengo eta gaur egungo futbolariak, elkarrekin.

Lehengo eta gaur egungo jokalarien arteko partidek ikusmina piztu zuten larunbatean Mastegin

Beti Gazte elkartearen 75. urteurreneko ospakizuneko ekitaldiek ez dute etenik. Ekainaren 6an Beti Gazteren Eguna berezia izan zen. Goizean goiz, mendizaleek beraien itzulia eigin zuten, baina ikusminik handiena Mastegi futbol zelaian poztu zen. Garai bateko eta orain arteko futbolarien arteko partidak jokatu zituzten, bai gizasemeek baita emakumeek ere. Gaur egungoen sasoia somatu zen, baina garai batekoek ere, batzuk kilo  batzuk gehiago eta denek urte dexente gehiago izanda ere, itxura ederra eman zuten. Ikusi Xaguren argazkiak

Partiden ondotik, Elutxa txaranga ibili zen karrikaz karrika eta elkartearen bandera haundi bat eraman zuten Beti Gazteko beteranoetako bik, Endika Lekarozek eta Kotte Iantzik, eta elkartearen egoitzara igo zuten. Elkartearen balkoitik, futbol zelaian bezalaxe, “75 urte eta oraindik Beti Gazte” zioen pankarta zintzilikatua zegoen. Goiz eta eguerdi parteko giroaren ondotik, 200 bat lagun bildu ziren Koxkontan bazkaltzera.

 

Urteko sariak

Bazkalondoan, orokorrean kategoria guztietan bikaina izan den denboraldiko jokalari erregularrenen sariak banatu zituzten. Endika Lekaroz berak eman zituen sariak. Kadetetan, Aimar Otxotekok lortu zuen saria; futbol 8ko nesketan Olaia Telletxeak; jubeniletan Joseba Bertizek, futbol 11ko nesketan Garaxi Mitxelenak eta ohorezko mailako mutiletan Igor Gurrutxagak. Horretaz gain, sari bereziak ere eman zituzten eta Mikel Arrolak Urrezko patata eraman zuen eta aurten ohorezko mailara igotzea lortu duten kadeteek ere sari berezia eman zioten Miguel Txoperena bere entrenatzaileari.

Bazkalondoa aunitz luzatu omen zen Beti Gazte elkartearen egunean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun