Nafarroako Gazteen Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015eko maiatzaren 22a

Duela bi urte Donezteben egin zuten Nafarroako Bertso Eskolen Eguna.

11 eta 15 urte arteko 65 bat gaztetxo espero dituzte

Nafarroako Gazteen Bertso Eskolen Egunea ospatuko dute maiatzaren 24an Lesakan. Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen elkar-ezagutza handitzeko xedez egingo da topaketa, Lesakako Kultur Etxean.

Urtero bezala, ikasturte bukaerarekin batera Nafarroako gazteen Bertso Eskolek beren eguna ospatuko dute. Maiatzaren 24an Lesakan egingo den festa honek, 10-15 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan.

12:00etan hasita, bertso-eskola bakoitzaren agurrek emanen diote hasiera ekitaldiari. Ondoren, gaztetxoak protagonistak izanen dituen bertso-saioa burutuko da, klasean landutako ariketekin. Goizeko tarteari amaiera emateko berriz, Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa eginen da. Arratsaldean, bertsogintzarekin lotutako pista-jolasak itxiko du egitaraua.

Gaur egun, 18 urtetik beherako 170 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun