Hamasei beratarrek jasan zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 22a, 10:52
Mauthausen 1942-1944 presoen kontaketa momentuan ateratako argazkia.

Bigarren Mundu Gerrako biktimak oroitzeko mozioa onartu du Berako Udalak

70 urte bete berri dira II. Mundu Gerra bukatu zela 184 euskal herritar erail eta ehunka atxilotuta eduki zituzten nazien kontzentrazio esparruetan, tartean beratarrak. Horietako gehienak frankismotik eskapo joan ziren Ipar Euskal Herrira eta han nazien eskuetan erori ziren. Bi diktaduren biktima izan ziren. Memoria historikoa berreskuratu, justizia eta erreparazioa egiteko bidean, Berako udalak, urteurren honen aitzakian, gogora ekarri nahi izan ditu II. Mundu Gerran deportatu, desplazatu, atxilotu edota erail zituzten euskal herritarrak, eta bereziki, beratarrak.

Datu guztiak biltzeko zailtasunak dauden arren, gutienez hamasei beratarrek pairatu zuten kontzentrazio esparruen ankerkeria. Alemaniako kontzentrazio esparruetan izan ziren Eugenio Alli Ferrero, Antonio Clemente, Jose Rubio Delgado, Francisca Usandizaga eta Victor Garcia-Serrano Retegi eta Gurseko kontzentrazio esparruan (Biarnon preso kontu zituzten 6.555 euskal herritarren artean) Isidoro Fagoaga tenore ospetsua, Faustino Alli Ferrero, Tomas Apat Telletxea, Severo Apat Telletxea, Saturnino Apat Telletxea, Saturnino Garbala Ardanaz, Eugenio Garcia de la Lastra, Jose Garcia Fernandez, Francisco Jauregi Telletxea, Jose Sanchez Telletxea, Jesus Telletxea Ordoki eta Juan Vallejo Corrales. Batzuk aske utzi zituzten, bertze batzuk erail eta bertzeak desagertu eta onik atera ziren edo hil ote zituzten daturik ez dago.

Berako Udalak onartutako mozioaren arabera, Frankismoaren eta nazismoaren biktima izan ziren euskal herritar eta beratar guztiak oroimenera ekarri nahi dituzte, «jasandako bidegabekeria, sufrimendu eta erailketa injustuak salatzearekin batera». Nazismoaren eta frankismoaren biktima izan zirenek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidea aitortu eta Alemania eta Espainiako estatuei aitorpen hori egiteko exijitu die Udalak eta horrelakorik berriz gerta ez dadin, «gizarte bakezale, berdinzale eta justuago bat eraikitzeko konpromisoa» berretsi du. Berako espazio publikoan biktima horiek guztiak gogora ekarriko dituen aipamen edo oroigarri bat paratzeko konpromisoa ere hartu du Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun