Bidasoako organoen inguruko “Haizea eta ura” dokumentala estreinatuko da larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2015eko maiatzaren 21a

Monica Melkova, Berako elizako organoa jotzen, 2013ko emanaldi batean.

Berako Udalak ekoiztua, Jose Luis Echechipiak zuzendu du

Bidasoaldeko organoen inguruko dokumentala egin du Jose Luis Echechipia Parisek (Iruñea, 1966), Berako Udalak sustatuta, eta Beran estreinatuko du heldu den larunbatean, arratsaldeko 8etan kultur etxean eginen den emanaldian. Dokumentala euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan egin da, eta larunbateko emanaldian gaztelaniazkoa ikusi ahal izanen da.

 

40 minutu inguruko dokumentala da, eta Bidasoaldeko organoen aberastasuna agerian paratzen du, organo horien inguruko hainbat protagonistari ahotsa ematearekin batera. Organo musika aditzearekin batera, dokumentalean parte hartu dute honako pertsona hauek: Josu Goia eta Agustin Arriola, Bera eta Lesakako organistak; Esteban Irusta, Lesakako organista ohia; Marijo Bergara, Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako zuzendaria; Esther Iñiguez beratar jatorriko organista; Aurelio Sagaseta iturendarra, musikan aditua; Marisol Perez, Lesakako abesbatzako zuzendaria; Helena Taberna, zine zuzendaria; eta Angel Illarramendi konpositorea.

Gidoiaz eta zuzendaritzaz Jose Luis Echechipia arduratu da. Jose Ignacio Zabaleta eta Montserrat Torrentekin ikasi zuen organoa jotzen. Irakasle aritua da, bertzeren artean Pablo Sarasate Kontserbatorioan, eta organista ezaguna da (egun Leireko organista). Hainbat ikerlan ere egin ditu. Aspaldidanikoa du Berako eta Bidasoaldeko organoekiko lotura eta atxikimendua, eta azkeneko urteotan, Berako organoaren zabalkunderako zein bere historia biltzeko lanetan laguntzaile izan da.

Alderdi teknikoaz Barañaingo Binario Estudio arduratu da, Txuma Huarte irudiaz eta editaiaz arduratu da, eta Carlos Solano beratarra argiztapenaz; eta offeko ahotsa Oscar Goikoetxea beratarrak paratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun