LABek gogorarazi duenez, «urte gogorrak bizi izan ditugu 2008an hasi eta gaur egunera arte Funveran. 2008an lehenengo erregulazio espedienteekin hasi ginen eta 2010ean enpresak 47 langile kaleratu zituenean ondoa jo genuen. Kaleratze horien ondoren gelditu zen kutsu negatiboari buelta ematea kosta zitzaigun baino erran dezakegu Lan Hitzarmen berri honekin egoera horri buelta ematen hasteko baldintzak betetzen direla».
Negoziaketa hasi zenean LABek garbi omen zuen zein ziren lan hitzarmen berri honekin lortu nahi zituzten helburuak, «eta negoziaketa bukatu denean harro erran dezakegu negoziaketa osoan LABek defendatu duena lan hitzarmenarekin lortu dena dela». Hain zuzen, soldata igoera bat lortu da, enplegu finkoak lortu dira eta poliki-poliki enplegua berreskuratzen joateko eta bere garaian kaleratutako lankideak bueltatzeko aukerak zabaltzen dira, «gure lan hitzarmena lan erreformaren aintzinean blindatuta dago, eta berri sinatu arte indarrean segituko du», diote LABetik.
Lan hitzarmen honetan mutualitateen erreforma ez da aplikatuko eta horri garrantzi berezia eman dio LABek, «mututalitateen erreforma hau langileen osasunaren kontrako eraso zuzena delako, mutualitateen eta hauen gibelean dauden enpresarien interes ekonomikoak langileen osasunaren gainetik jartzetik dituelako eta osasungintzaren pribatizazioan bertze pausu bat gehiago delako».