Berria pilota txapelketatik kanpo gelditu da Bortziriak

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 19a, 12:09

Nagusien partida erabakigarrian, gaizki hasi ziren Olaizola eta Mitxelena, baina ia buelta eman zioten markagailuari.

Amurrioren kontra 1-2 galdu zuen ortziralean Eztegara pilotalekuan

Berria pilota txapelketako kanporaketa jokatu zuten maiatzaren 15ean, ortziral arratsaldean Bortziriak eta Amurrioko taldeek. Amurriok irabazi zuen 1-2. Beraz Bortziriak kamporatua gelditu da.

 

Emaitzak

Kadeteak: Albizuri – Gorostizaga (Amurrio) 22 Elzaurdia – Ordoki (Bortziriak) 10

Gazteak: Zorroza – Saratxaga (Amurrio) 13 Lazkanotegi – Oskoz (Bortziriak) 22

Nagusiak: Goikolea – Legarreta (Amurrio) 22 Mitxelena – Olaizola (Bortziriak) 19

 

Kadete mailan lehenengo tantotik bertatik nagusitasun osoa erakutsi zuen Arabako bikoteak. 35 minutu aski izan zituzten lehen puntua lortzeko. Albizuri eta Gorostiza nagusi izan ziren arlo guztietan. Albizurik sakearekin min handia egin zuen, hamar tanto lortuaz, eta Gorostiza jaun eta jabe izan zen piloteoan. Bera izan zen partidako onena. Bortzirikoak guztia eman zuten, eta Elzaurdiak tanto eder askoak ere eskaini zituen, baina ez zen aski izan. Ordokik sufritu egin zuen atzeko koadroetan.

Gazte mailan antzeko zerbait gertatu zen, baina alderantziz. 50 minutu iraun zuen neurketak, eta pilotakada asko jo bazituzten ere,Bortzirikoak askoz gehiago izan ziren. Lazkanotegik sakearen bitartez min egin zuen, eta errematean ere fin aritu zen.   Atzeko koadroetan Oskozek eta Saratxagak neurketa ona  jokatu zuten baina Oskozek finago ibili zen eta  Saratxagak . Akats asko egin zituen. Hala, puntuetan berdinduta,  nagusien mailako partidak erabakiko zukeen kanporaketa.

Eta gogorra izan zen nagusien arteko partida. Ordubetetik gora jo zuen bukaeran. Amurrioko bikotea hobeto kantxaratu zen hasieran, eta Goikolea inspiratuta aritu zen, eta Legarreta nagusi zen piloteoan. Bortzirikoak urduri ibili ziren partida erdira bitarte. Hala, 15-7 aurreratu zen Amurrio. Baina erabat aldatu zen lehia. Pilota motelagoa kantxaratu eta izerdia bota ahala, gero eta hobeto jokatzen hasi ziren Mitxelena eta Olaizola. Aurrelaria asmatzen hasi zen aurrean, eta Olaizola nagusi zen atzean. Gainera pilota asko baztertu zuen. Hori bai, beranduegi erreakzionatu zuten, eta ozta-ozta izan arren, Amurriok lortu zuen puntu erabakigarria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun