Emusik 2016 Europako Musikari Gazteen XII. Jaialdiko mikroegoitza izanen da Lesaka

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 19a, 07:29

Maider Arrieta eta Mikel Mate, Emusik jaialdiko emanaldi bat Lesakara ekarriko duen hitzarmena sinatu ondotik.

Hitzarmena sinatu dute Lesakako Udalak eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak

Emusik 2016 Jaialdia, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren barrenean burutuko da. Lesakako Udalak eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolak, elkarlan hitzarmena sinatu zuten maiatzaren 18an, astelehen eguerdian, Lesakako Udaletxean. Hitzarmen horren arabera, Emusik jaialdiko mikroegoitza izanen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxea.

 

Maider Arrieta Tapia, Lesakako kultur zinegotzia eta Mikel Mate Ormazabal, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kudeatzaileak sinatutako hitzarmenaren arabera, Lesakako udalak emanaldiak egoki iragartzen direla bermatuko du eta mikro egoitzara gonbidatutako Europako taldeei udalerriari buruzko informazio turistikoa eta kulturala bidaltzea. Modu berean, emanaldietan bertako taldeak sartzea ere bideratuko du Lesakako Udalak eta talde horiek gonbidatutako talde europarrekin batera temaren bat jo beharko dute.

XII. Europako Musika Eskolen Jaialdiak (Emusik) 76 mikroegoitza izanen ditu Gipuzkoan (45 guztira; 20 Donostiakoak), Bizkaian (10), Araban (7), Nafarroan (8, tartean Bera eta Lesaka), Iparraldean (2) eta Errioxan (4). Guztira 400 kontzertu eskainiko dira 2016ko maiatzaren 6 eta 7an eta 26 herrialdeetako 20.000 ikasle bilduko dira

Mikroegoitza bakoitzean Europako 100-300 ikasle ostatatuko dira, eta tokian tokiko musikariek, musika banda eta abesbatzeetako kideek eta musika eskoleetako ikasleek bat eginen dute ekitaldi batean.

2016ko jaialdia Musika eskolen Europako Elkarteak antolatua da. Kasu honetan Emilia-Romana Italiako hirian azken edizioan izandako 5.000-6.000 musikariak laukoiztea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun