Udaleku irekietan izena emateko epea ireki du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 18a, 09:36

Joan den urteko udalekuetako txanda bat Lesakan.

Arantza, Bera eta Etxalarren uztailaren uztailaren 6tik 31ra eta Lesaka eta Igantzin uztailaren 13tik abuztuaren 7ra

Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu. Udalekuak antolatzeko Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean aritu da. Aurten, gainera, euskara mankomunitateak La Caixa-Obra Sozialaren laguntza lortu du udalekuak finantzatzeko. 

Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 6an hasiko dira, eta uztailaren 31ra arte arituko dira. Lesakako eta Igantziko kasuan, udalekuak uztailaren 13an hasiko dira, eta abuztuaren 7an bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte.

 

Izen ematea

Izen ematea maiatzaren 18an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 29ra arte, ortzirala. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.org), eta bertzea telefonoz deituta (948634125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek. Baldintza horiek betetzen ez dituzten neska-mutikoek ere izen ematen ahalko dute, baina itxaron zerrendetan geldituko dira, eta epea bukatu eta gero, taldeak antolatzen direnean, jakinaraziko zaie onartuak izan diren edo ez.

Aurtengo berrikuntza da udalekuetan izen ematen ahalko dela lau asteetarako edota hamabortzaldika. Prezioei dagokienez, ume baten prezioa lau astekoa 90 euro izanen da eta bi astekoa 50 euro; bi anai-arreben kasuan 150 euro ordainduko da hilabetea eta 80 euro bi astekoa eta hiru anai-arreba direnean, lau aste 180 euro eta bi aste 90 euro.

 

Arrakasta handiko eskaintza

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dute. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta 21 begirale aritu dira lanean.

Gainera, azken edizioetan behar bereziak dituzten neska-mutikoek ere udalekuetan parte hartzeko aukera izan dute, eta gainerako umeekin integratzeko aukera paregabea izan dute.

Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako eremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea, lana eta familia uztartzeko aukera ematen baitie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun