Hidroterapia izanen dute hizpide Bortzirietako haur garapen jardunaldietan

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 15a, 07:24

Bederatzigarren edizioa Berako Beralandetan eginen dute maiatzaren 20an

Bortzirietako haur garapen jardunaldien bederatzigarren edizioa eginen dute maiatzaren 20an, asteazken arratsaldeko 5etatik 7:30era Berako Beralandetan. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirietako Udalek, Lesakako Osasun Zentroak eta Guztiok taldeak antolatutako jardunaldiek hidroterapia izanen dute hizpide.

Hizlariei dagokienez, Jose Luis Sirera Donostiako Aspaceko langilea eta hidroterapian aditua, Ana Pikabea Lesakako udal igerilekuko arduraduna, Isabel Pardo eta Leire Satrustegi ASPACEko arduradunak, Ion Etxegarai ANFASeko psikologo arduraduna eta Idoia Apeztegia eta Maite Criado Guztiok taldeko ordezkariak arituko dira solasean. Jardunaldien aurkezlea eta moderatzailea Belen Compains Beaumont izanen da.

Jardunaldietan parte hartzeko eskaera egiteko epea maiatzaren 18ra arte dago zabalik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun