Salvador Yanciren omenez bigarren martxa zikloturista eginen dute igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko maiatzaren 6a

16 urtez Beti Gazteko presidente izan zena omenduko dute aurten ere txirrindulazaleek.

112 kilometroko ibilbidea osatuko dute, goizeko 9etan abiatuta

Salvador Yanci zenaren omenez martxa zikloturista eginen dute bigarren urtez, maiatzaren 10ean Lesakan. Iaz bezala, Beti Gazte elkarteak ez ezik, Gure Txokoa, Baztandarra, Urtxintxa, Aizan, Igantziko Biltoki eta Erreka txirrindularitza taldeek parte hartuko dute antolaketan, Lesakako Udalarekin batera. 

 

Ibilbidea 112 kilometrokoa izanen da, Lesakan hasi eta bukatu. Goizeko 9etan abiatuta, Lesakatik Berara joan eta berriz ere Lesakan sartuko dira txirrindulariak, Sunbilla, Doneztebeko bidegurutzea, Legasako bidegurutzea, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Ziga (Belaten barna), Irurita, Elizondo, Otxondoko gaina, Urdazubi, Zugarramurdi, Berruet Benta, Sara, Lizaietako gaina eta Etxalarren barna igaro ondotik, Plaza Zaharrean helmugaratuko dira parte­hartzaileak.

Aitzinetik izen eman daiteke Beti Gazteren webgunean. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dute eta federatu ez direnek 20 euro. Bertzela, egun berean eman daiteke izena Herriko Etxeko arkupetan, 7:00etatik 08:30era. Kasu honetan, federatuek 20 euro eta federatu gabeek 25 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun