June Calsorrek berezi egiten duen eta haurra zenetik garatzen joan den jazz-neo soul-blues musika estiloa du oinarri. Zazpi urterekin pianoa eta zeharkako txirula jotzen hasi zen, eta hamalaurekin bere kantak sortzen (hitzak eta musika). 2011n lehen maketa grabatu zuen Danimarkan, eta lan hura hainbat lehiaketetan aurkeztu zuen.
Uneotan, eta Bredako (Herbehereak) Dok 19 aretoan, Bilboko Guggenheim Museoan, Logroñoko Würth Museoan, Donostiako Kursaaleko Terrazan eta Victoria Eugeniako Club Aretoan, zein Deustuko Unibertsitateak antolatutako Jazz Zikloan kontzertuak eskaini ondotik, saio intimo eta goxoak egiten segitzen du, pianoa lagun. Neo-soul, R&B eta jazz ukituen bidez atmosfera oso berezia sortzen du bere saioetan. Gainera, musikari buruzko doktoretza-tesia egiten ari da.
IrriSarri Landeko kontzertuan 40 bat kanta eskainiko ditu, abesti berri zein zaharragoak uztartuz.