Lapurriturri-Mandobideko lur-eremuak saldu ditu Udalak

Aitor AROTZENA 2015ko mar. 5a, 16:11

Udalak lur eremu bat dauka Irunen, 340.375 metro koadrokoa, San Antongo presa egin ahal izateko Irungo Udalarekin bere garaian eginiko akordioa eta honen egokitzapenak direla eta. Lur horietako basoen ustiapenak etekin ekonomikoak eman dizkio Udalari, baina duela urte batzuk eremu hau Aiako Harriko natur parkearen barrenean sartu zen. Ondorioz, basoaren ustiapen ekonomikoa mugatu egin da. Gipuzkoako Diputaziotik Udalarekin harremanetan jarri ziren eta planteatu zuten eurek lur eremu hori erosteko eta gestionatzeko aukera. 2014ko abenduaren 26ko osoko bilkuran, Bilduren aldeko bozkarekin eta PNVren abstentzioarekin onartu zen lur-eremu hori sal­tzea. Herritar guztien ondasun batez ari garen heinean, bando baten bidez herritarrei erabaki horren berri eman die Udalak. Salmenta honetatik ateratako dirua, 119.261 euro, «Udalak duen egoera eko­nomikoa dela eta, legez, diru hori zuzenean zorra amortizatzeko erabiltzera» derrigortu du. Dena den, udal gobernuaren ustez, «diru hori zo­rra murrizteko erabiltzea ere ez da aukera txarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun