75. urteurrena hainbat ekitaldi berezirekin ospatuko du Beti Gaztek

Aitor AROTZENA 2015ko mar. 5a, 16:09

Argazkilaritza atala ere sortu dute eta 142.000 euroko aurrekontua onartu

Urteko batzar orokorra egin zuen Beti Gaztek otsailaren 21ean eta 142.000 euroko aurre­kontua onartzeaz gain, 75. urteurrena ospatzeko antolatuko dituen hainbat ekitaldiren berri eman zuen. 
 
1940ko abuztuaren 9an sortu zen elkarteak 75. urteurrena ospatzen ari da aurten eta horren harira prestatu dituen ekitaldi ugariren berri eman zuten batzarrean. Gaurgero, ipuin lehiaketa edo San Antonera mendi ateraldia egin dute. Gipuzkoako kostaldean barna hiru ateraldi prestatu dituzte. Lehenbizikoa Lesakatik Hondarribiara egitekoa zuten martxoaren 1ean, eta Hondarribia-Donostia eta Donostia-Zarautz ibilaldiak eginen dituzte datozen hilabeteetan. Euskal Herriko mendi seinalatuak igotzeko asmoa ere badute, Txindoki, Anboto, Aizkorri eta Hiru Erregeen Mahaia, hain zuzen. Urriaren 4an, Nafarroako Men­di Elkarteen Eguna antolatuko dute Lesakan, aurten 50 urte betetzen dituen Oberena elkartearekin elkarlanean. 
 
EKITALDI BEREZIAK
75. urteurrenak soka luzea izanen du aurten eta ekitaldi berezi eta gustagarriak antolatu ditu Beti Gaztek. Aste Santutik aitzinera, futbol txapelketa ezberdinak plantatuko dituzte Mastegin. 
 
Maiatzaren 9an, Musika Banden Alardean bilduko ditu Lesaka, Bera eta Baztango Musika Bandak. Ekainaren 7an, Beti Gazteko jokalari ohien topaketa egin nahi dute eta egun ho­rren inguruan, elkartearen historiari buruzko erakusketa plantatu Harriondoan. Uztailaren 5ean, Erraldoien Topaketa eta he­rri kirol erakustaldia izanen da eta abuztuaren 9an, elkarteak 75 urte egiten dituen egunean, Ezpatadantzarien Eguna eginen dute. 1985ean egin zen bezala, garai ezberdinetako ezpatadantzariak elkartu nahi dituzte Onin errekaren inguruan, 6-7 talde osatuz. 
 
Zuzendaritza batzordean ez da aldaketa handirik izanen eta Jose Luis Sunsundegi segituko du presidente karguan. Hori bai, argazkilaritza atala sortu da lehen aldiz eta Jon Martinez izanen da bokala. Urteroko argazki lehiaketaz gain, ikastaroak eta ateraldiak pres­tatzeko asmoa azaldu dute. Mendi atalean, berriz, Patxi Oteiza sartu da lehendik zeudenekin batera.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun