Bildu Udal Taldeak, Jose Manuel Portu ordezkari duela, ez du segituko Udal Gobernu Batzordeko kide izaten, «ez gaudelako ados bertan ematen diren erabaki garrantzitsuenen gehiengoarekin, ez dugulako uste gure boza kontuan hartzen denik, ezta herritarren eskariak ere, eta Udalak, gehienean, EAJren bozkei esker funtzionatzen duelako».
Bilduk aurkeztutako idatziak dioenez, «lehen momentutik proposatu zuten Aralar eta Bilduren artean gobernua eratzea, eta legegintzaldian zehar erabakiak modu honetan hartzea. Batetik, ikusita herritarren gehiengoak gobernu ezkertiar eta abertzale baten aldeko hautua egin zuela, eta, bertzetik, EHBilduren proiektua abian jarri eta horren baitako funtzionamendu baten alde egonik».
Bilduren erranetan, egungo Gobernu Batzordea ez da lan egiteko gune egokia, «erabakiak hartzeko Aralarko eta EAJko ordezkariek jarrera oldarkorra agertu baitute hainbatetan ez bakarrik gure taldeko ordezkariarekin, baizik eta errespetu faltaz solastu direla baita herritarrekin ere».
ALKATEAREN HARRIDURA
Marisol Taberna alkateak bere harridura agertu zuen, Bilduren erabakia legealdia bukatzeko 4 hilabete falta direnean eman delako eta «erabaki hori azaltzeko orduan interes berezia agertzen du Aralar EAJrekin bateratzeko, eta Bildu binomio horretatik urruntzeko».
Alkateak dioenez, «legealdiaren hasieran, batzordeetako ardura eta erakundeetako ordezkaritzen banaketa Aralar, EAJ eta Bildu Udal taldeen artean adostu zen, eta horrek eman dio hiru taldeei lan ildoak erabakitzeko aukera eta bidea. Horrela udal ordezkari eta talde guztiek izan dute ekimenak, proposamenak eta eskaerak egiteko eta bideratzeko aukera. Gobernu Batzordea hiru taldeetako ordezkariek osatu dute, orain arte».
Legealdian zehar alkateak berdin jokatu omen du Bildu eta EAJ udal taldeekin eta Gobernu Batzordean ere aukera hori izan da. Alkateak ez du erraten legealdian «dena ongi egin dugunik, baina erabaki gehienak aho batez hartu dira. Eztabaidak sortu dira, batzuk sutsuagoak bertzeak baino. Hortik jarrera oldarkorra eta errespetu falta ondorioztatzea, hagitz iraingarria eta oportunista da».