Otsailaren 10eko udal batzarra mamitsua suertatu zen eta beilatokiari eta gaztetxeari buruzko eztabaida sakonak eman ziren.
Iturlandetan Irache Tanatorio taldeak ireki nahi duen beilatokiaren inguruan Bilduk aurkeztutako proposamena ez zuen onartu Udalak. Alde bozkatu zuten Bilduko lau zinegotziek eta UPNkoak eta kontra Aralarko hiruk eta PNVko biak. Azkenean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen.
Idatziak zioenez, «herrian arazo bat dago, bizilagunen desadostasunaren gainetik beilatoki bat eraikitzen ari direlako etxebizitzak dauden eraikin batean». Udala arazo hau tratatzera behartua dagoela zioen proposamenak. Beilatokiak eraikitzeari buruzko ordenantzaz hausnarketa prozesu partehartzailea martxan jartzea ere eskatzen zuen.
Alkateak gogorarazi zuen «gaia landu dela udalean, herritarrekiko bileretan, Gobernu batzordean… Arartekoari erantzuna eman zitzaion eta bere gomendioak ez dituzte konpartitzen, ez baitira bideragarriak». Ordenatzak aldatzeko eta prozesu bat irekitzeko Bilduk egindako proposamenaz, «Udalak Udaletxean tratatu nahi du gaia eta haiek nahi zuten gaia kanpora ateratzea», aipatu zuen. PNVko Santiago Altzugurunen erranetan, «ordenantza aldatzea 5-6 hilabete kostako litzateke». UPNko Juan Losak onartu zuen arazo bat badagoela, «900 pertsona aurka daudelako».
GAZTETXEA
Udalak Kaxerna gaztetxearen gaia lantzeko konpromisoa hartu zuen ahobatez. Bilduk eskatzen zuen Udalak «ez dezala onartu UPN udal taldeko zinegotziak Gaztetxea ixtearekin egindako mehatxurik, ezta helburu berarekin Polizia Foralarengana jo izana». Gaztetxeari babesa eskaini eta kontzertu gela erabilgarri izan dadin bere eskuetan dagoena lehenbailehen egiteko ere eskatzen zion. Udal talde ezberdinetako ordezkariek gaztetxearen eta kulturaren kontra aritzea leporatu zioten UPNkoari. Alkateak erran zuen «egin behar diren lanak Udalak ezin dituela egin, badira bertze udal eraikinak egoera berean». UPNko zinegotziak aipatu zuenez, berak gaztetxea hobetu nahi du, «egoera onean egotea eta lokala Berago gaztedi guztiarentzat izatea». Garazi Taberna, Bilduko zinegotziak Juan Losak gaztetxeari buruz duen iritzia aldatu duela aipatu zuen, «beti erran baitu ‘os voy a cerrar el chiringuito’».