Haur-elikadura eta –nutrizioari eta eskola-jantokiei buruzko bosgarren ikastaroa antolatu dute Bortzirietako Guztiok taldeak eta Osasunbideak, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Bortzirietako udalen laguntzaz. Jantokietako langileei eta jantokien antolakuntzaz arduratzen diren gurasoei zuzendua dago, baina edozein gurasorendako egokia da. Lehen solasaldia otsailaren 11n egin zuten Lesakako Kultur Etxean. Otsailaren 28an, Irensteko arazoak eta nahasmenduak solasaldia eskainiko du Etxalarren Begoña Barceló Sarriák, Malagako haur-garapeneko zentro bateko logopedak eta mota horretako nahasmenduetan adituak.
Disfagia, elikadura errefusatzea, gorakoak, berrahoratzea edota elikagaien hausnarketa bezalako arazoei nola heldu azalduko du 10:30etik 12:30era Kultur Etxeko liburutegian. Irensteko arazo horiek nola detektatu, baloratu eta interbenitu azalduko die gurasoei eta jangeletako arduradunei. Baina horretaz gain, inguruko logopedekin arazo hauei Nafarroan nork egin behar dien aurre, osasun arloko langileek edo hezkuntza arlokoek, eztabaidatuko dute.
Heldu den asteazkenean Beran
Martxoaren 4an, Dieta bereziak behar dituzten gaixotasunak solasaldia eskainiko dute Berako Beralandetan, 14:30ean 16:30ean Félix Sánchez Valverde eta Elena Aznal, Nafarroako ospitale-konplexuko pediatrek eta digestioan eta nutrizioan adituak.
Martxoaren 18an, azkenik, Eskola-jantokien hezkuntza-alderdiak solasaldia eskainiko dute Arantzan, jantokien funtzioaz, antolaketaz, eta gisako gaietaz. Oraindik ez dago erabakia nor izanen den hizlari.