2013an martxan paratutako “Bakea eta bizikidetza” planaren baitan, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritzeko, herritar guztiei irekitako hiru saio antolatu ditu Berako Udalak, Auzolanean bakea eraikitzen lelopean. Bidezko bakea eta memoriaduna eraikitzea da helburua, iragana argituz, oraina normalizatuz eta etorkizunean adiskidetzea lortuz. Saioetako bakoitzak gai horietako bat landuko du. Joan den ortzegunean Beralandeta ttiki gelditu zen, Paco Etxeberria auzi-mediku ezagunaren solasaldi interesgarria aditzera jende aunitz hurbildu baitzen, argazkian ageri denez.
Bigarren hitzaldian, otsailaren 26an, ortzegunean 19:30ean Oraina: bakegintzaren ikuspegiak jorratuko dute Beralandetan. Baketikeko Iker Uson eta Foro Sozialeko Aitziber Blanco egungo egoeraren irakurketa kritikoa egingo dute, eta bakegintza sendotzeko bidean kontuan hartu beharreko elementuak aurkeztuko dituzte. Hitzaldia euskaraz izango da.
Hirugarren saioa, martxoaren 5ekoa, ez da hitzaldi bat izanen. Aitzineko bi saioetan landutako gaiak oinarri hartuta, herritarren partaidetzarekin, etorkizunaren inguruan hausnarketa partekatua egiteko ekimena izanen da, open space dinamika erabiliz. Euskaraz zein gaztelaniaz eginen da jarduera.
Ekitaldi hauen antolaketarako Baketiken laguntza izan du Berako Udalak.