Gaztetxearen gaia lantzeko konpromisoa hartu du Berako Udalak

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 25a, 10:42

Berako gazteak Kaxerna gaztetxean, Gazte Egun batean. Artxiboko argazkia

Ahobatez onartu zuen erabakia, nahiz UPNko zinegotziak kritika ugari jaso bertze taldeen ahotik

Gaztetxearen gaia lantzeko konpromisoa hartu du ahobatez Berako Udalak. Hain zuzen, Bilduko ordezkariak Kaxerna Gaztetxeari babesa emateko testu bat irakurri zuen azken Udal batzarrean. Idatziak eskatzen zuen Berako Udalak «ez dezala onartu UPN udal taldeko zinegotziak Beragazte elkarteari zesio bidez utzia dion Kaxerna Gaztetxea ixtearekin egindako mehatxurik, eta ezta helburu berarekin Polizia Foralarengana jo izana».

Gaztetxearen gaia lantzeko konpromisoa hartu du ahobatez Berako Udalak. Hain zuzen, Bilduko ordezkariak Kaxerna Gaztetxeari babesa emateko testu bat irakurri zuen azken Udal batzarrean. Idatziak eskatzen zuen Berako Udalak «ez dezala onartu UPN udal taldeko zinegotziak Beragazte elkarteari zesio bidez utzia dion Kaxerna Gaztetxea ixtearekin egindako mehatxurik, eta ezta helburu berarekin Polizia Foralarengana jo izana».

Modu berean, Berako Udalari eskatzen zion Kaxerna Gaztetxeari bere babesa eskaini eta konpromezua har zezala kontzertu gela erabilgarri izan dadin bere eskuetan dagoena egiteko lehenbailehen. Honekin batera, gai honen inguruan arkitektoak egindako txostena eskatzen zuen, aztertu eta proposamenak egin ahal izateko.

Gaiaren inguruan, eztabaida sortu zen batzarrean eta udal talde ezberdinetako ordezkariek zenbait gauza leporatu zioten UPNko zinegotziari. Marisol Taberna alkateak, idatziari buruz erran zuen «egin behar diren lanak Udalak ezin dituela egin badira bertze udal eraikinak egoera berean» eta galdetu zuen «zer da erabilgarri?». Ildo berean, Aralarko Jon Abrilek zioenez, «udal eraikinetan bada lana asko egiteko, arazoak badira arautegiarekin, salaketarik ez bada jardunaldiak antolatzen ahal dira. Udalak ardura du, jabea baita». Jose Manuel Portu, Bilduko ordezkariak UPNko zinegotziari galdetu zion «ea gaztetxarekin duen arazoa edo edozein udal eraikinarekin. Eraikin publiko batzuk badira horrela eta bakar batera ere ez du Foruzaingoa bidali, bakarrik, egindako mehatxuen arabera, gaztetxearen aurka dago».

Juan Losa, UPNko zinegotziak aipatu zuenez, berak gaztetxea hobetu nahi du, «egoera onean egotea eta lokala Berago gaztedi guztiarentzat izatea». Eraikina ez duela inork aseguratuko aipatzearekin batera, segurtasunaren gaiak kezkatzen diola erran zuen, lehengo arkitekto teknikoaren txostena eskatu duela, baina bertze txosten bat eman diotela.

Garazi Taberna, Bilduko zinegotziak Juan Losak gaztetxeari buruz duen iritzia aldatu duela aipatu zuen, «beti erran baitu ‘os voy a cerrar el chiringuito’».

Alkatearen erranetan, segurtasunari buruz, herrian eta Nafarroan ere udal eraikin aunitz itxi beharko zirela aipatu zuen. Gaztetxeari dagokionez, «erabiltzen ez den zonaldean dago arrisku gehiago, hor bai neurriak hartu behar direla» eta dagoen segurua, Udalaren erantzukizun zibilarena dela gogoratu zuen. Dena den, alkatearen ustez, Losak nahi duena «kontzertuak ez egitea da, lehenbiziko gaztetxea salatu zuen, gero Kultur Etxea, gero Beralandeta…». Alde horretatik, Aralarko Nekane Perezek aipatu zuen Losari segurtasunak kezkatzen diola, «baina Elizondon bada hezkuntza zentro bat puntalatua dagoena eta bere alderdiak ez du moldatzen». Talde bereko Jon Abrilek ere Berako kultur bizitza hiltzea bilatzen ari dela erran zion UPNko zinegotziari. PNVko Isidora Agirrek ere Losaren kontra o zuen: «Kultur batzordean, hasieran, erran zuen Beran ez zegoela kulturarik eta kulturaren kontra jotzen du».

UPNko zinegotziak erran zuenez, «Obrak Udalak egin behar ditu, kreditu bat eskatu eta konpontzen da». Udal eraikin guztietan ere berdin eginen luke, bere helburua «eraikina konpontzea» baita.

Eztabaidari bukaera emateko, ahobatez gaia lantzeko konpromisoa hartu zuen Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun